ekonomia

Espainiako Kongresuak erlojua ordubete atzeratzea proposatuko dio gobernuari

Kongresuko Berdintasun Batzordeak arratsaldean onartuko du azken bederatzi hilabeteetan kontziliazioari eta ordutegien arrazionalizazioari buruz hainbat adituren laguntzarekin landutako txostena. PPk eta CIUk alde bozkatuko dute, eta PSOE abstenitu egingo da. Aldaketa gauzatuz gero, Ipar eta Hego Euskal Herrian ordu desberdinak leudeke.

Jon Fernandez.
2013ko irailaren 26a
17:47
Entzun

Orain dela 73 urte arte Euskal Herriko ordua, geografikoki tokatzen zaion bezala, Greenwich meridianoaren araberakoa zen (GMT, Greenwich Mean Time), egungoa (GMT+1) baino ordubete atzerago. Bigarren Mundu gerran gertatu zen aldaketa. Naziek Frantzia hartu zutenean Alemaniaren ordu zonara pasa zuten. Hitlerrekin zuen hurbiltasuna medio, Francok ere gauza bera egin zuen. Harrezkero, Euskal Herrian Europa erdialdeko ordua erabiltzen da, eta ez, dagokion bezala, Europa mendebaldekoa. Londresek eta Lisboak ere gerra arrazoiengatik hartu zuten Alemaniaren ordua, baina gerra amaituta, jatorrizko ordu zonara itzuli ziren. Hortaz, Euskal Herriko erlojuak neguan eguzki ordua baino ordubete aurrerago joaten dira, eta udan, udako ordutegiaren aldaketaren ondorioz, hiru ordu lehenago. Adituen arabera, horregatik bazkaltzen eta afaltzen da Europan baino beranduago Hego Euskal Herrian eta Espainian: erloju ofizialaren arabera 14:00etan bazkaltzen da eta 21:00etan afaldu, baina erloju biologikoaren arabera 13:00ean eta 20:00an litzateke, kontinenteko gainontzeok herrialde gehienetan bezala. Ordu aldaketa gauzatuz gero, Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian ordu desberdinak izango lirateke.

Ordularia 60 minutu atzeratu eta GMT zonara bueltatzeaz gain, eztabaida garrantzitsuago bat jarri du mahai gainean txostenak: kontziliazioarena. Egungo lanaldi luze eta zatituen ordez, lanaldi trinkoetara jotzea gomendatzen du, bizitza pribatua eta lana modu orekatuagoan uztartzeko. Kontziliazio eta Erantzunkidetasun lege berri bat sortzea gomendatuko diote gobernuari. Besteak beste, amatasun eta aitatasun baimenak aldatzea proposatu dute, "egoera ekonomikoak ahalbideratzen duenean". Aitatasun baimena lau astera luzatzearen aldeko apustua egin du txostenak, eta ikerketa sozioekonomiko bat egiteko eskatuko dio Mariano Rajoyren gobrenuari, gurasoen baimenak berdinak eta transferiezinak izan daitezen. Horrek, praktikan, gurasoen baimenaren luzapena bikoiztea ekarriko luke: 16 astetik 32 astera. 

EAJk txostena babestuko duela iragarri du, "nahiago dugulako txosten hori edukitzea ezer ez edukitzea baino". Dena dela, Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuaren esanetan, horrek ez du esan nahi txostenak hobekuntza beharrik ez duenik, eta jeltzaleak testu osoarekin erabat ados daudenik. Amaiurrek, berriz, kontziliazioari eta ordu aldaketari buruzko eztabaida ez oztopatzeko borondatea agertu du. "Badakigu asko osatu behar dela txostena, baina ez diogu bidea oztopatuko, eztabaida garrantzitsua jartzen duelako mahaiaren gainean", Onintza Enbeita Amaiurreko diputatuaren arabera. 

Kongresuko Berdintasun Batzordeak txostena onartu ostean osoko bilkurara iritsiko da testua datozen asteetan, han berresteko. Dena dela, txostenak gomendioak baino ez ditu biltzen, eta Espainiako Gobernuari dagokio gai horien inguruko lege proposamen bat aurkeztea ala ez, eta era berean, bere esku egongo litzateke gomendioei kasu egitea ala ez. Euskal alderdien ordezkariak, hain zuzen, beldur dira Rajoyren gobernuak ez ote dituen gomendio asko alde batera lagako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.