Espainiako Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuaren lan erreforma onartu du gaur, PP, CiU, UPN eta Foro Asturias taldeen babesarekin. Aldeko 197 boto jaso ditu, 142 aurkako, eta ez da abstentziorik izan. Aurka bozkatu dutenen artean daude PSOE, Ezker Anitza, EAJ eta UPD. Kongresuan dauden 350 diputatuetatik 339k eman dute botoa.
Lege proiektu gisa tramitatuko dute —337 diputatuk bozkatu dute horren alde—. Zuzenketak egiteko epea zabalduko dute orain.
Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak esan du "gizarte elkarrizketarekin" egin dutela lan erreforma.
Sozialistek jada aurreratu dute zein izango den zuzenketarako euren proposamena. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak 2010ean egin zuen erreforman oinarrituko dela azaldu dute. Horrekin batera, hainbat eragilek negoziazio kolektiboaren inguruan urtarril amaieran lortutako akordioa ere ardatz izango du proposamenak.
Gobernuak zuzenketa horiek onartu edo alboratu ondoren, sozialistek aukera izango dute Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko.
CiUk, berriz, lan arloan dituen autonomia eskumenak errespetatzeko eskatu du.