Espainiako lan erreformaren helburu nagusia langileak errazago eta merkeago kaleratzea zen. Valeriano Gomez Lan ministroaren arabera hori behintzat lortzen ari da, kaleratzeko modua aldatzen ari da, enpresariak kaleratze merkeagoen alde egiten ari baitira: handitzen ari da kaleratze objektiboen kopurua, eta gutxitzen, aldiz, kaleratze bidegabeena.
Kaleratze objektiboetan langileak hogei eguneko kalte-ordaina jasotzen du lan egindako urte bakoitzeko, eta hamabi hilabeteko ordaina gehienez. Gainera, Administrazioak hogei egunetik zortzi ordaintzen ditu, Fogasa soldatak bermatzeko funtsaren bidez. Kaleratze bidegabeetan, ordea, kalte-ordaina 45 egunekoa da lan egindako urte bakoitzeko, eta 24 hilabeteko ordaina gehienez.
Iazko uztaila eta azaroa artean kaleratze bidegabeen kopurua %10 gutxitu da, eta objektiboena «pixka bat» handitu da. Gomezek ez zuen zehaztu zenbat. Datuak ikusita, erreforma «norabide onean» doala nabarmendu zuen.
Lan erreformaren lehen sei hilabeteko balorazioa egin zuen Lan ministroak. Gobernuak orokortu nahi duen enplegua sustatzeko kontratu mugagabeak —33 eguneko kalte-ordaina dute— erreformaren ostean %52,1 hazi zirela esan zuen; ez zuen aipatu, ordea, gaur egun hamar kontratu berritatik bat baino gutxiago direla mugagabeak.
Gomezen esanetan, 33 kalte-ordaineko kontratuen kopurua handitzen ari dira, behin-behineko kontratuak kontratu berri horrekin ordezkatzen ari direlako.
Espainiako Lan ministroa pozik, kaleratze merkeen kopurua hazten ari delako
Kaleratzeko modua aldatzen ari dela eta erreforma «norabide onean» doala esan du Valeriano Gomezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu