Ekonomia

Espainiako Parlamentuak pentsioen erreforma onartu du, PSOE eta CiUren babesarekin

PSOEk CiUren babesa jaso du erreformaren bi puntu nagusiak zeuden bezala mantentzeko: erretiroa 67 urtera atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen diren kotizazio urteak 15etik 25 urtera handitzea. EAJk kontra bozkatu du azkenean. 1948ren ostean jaio zirenei atzeratuko zaie erretiroa.

2011ko uztailaren 21a
19:44
Entzun

Espainiako Legebiltzarrak horrenbeste zalaparta eragin duen pentsioen erreforma onartu du gaur. CiUren babesarekin atera du aurrera erreforma PSOEk. Babes hori ziurtatua zuen, batik bat, eztabaida gehien sortu duten bi puntuetan: erretiroa 67 urtera atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen diren kotizazio urteak 15etik 25 urtera handitzea.

CiUren babesarekin, zuzenketarik ez zaio onartu erreformari, eta ondorioz, EAJk, PPk, ERCk, IUk, ICVk eta BNGk kontra bozkatu dute. Pentsioetan eta langileen eskubideetan murrizketa suposatzen duela erreformak salatu dute, eta ez duela etorkizunean pentsioen sistema bermatzen.

Erreformaren ondorioz 2013tik aurrera urtero hilabete bat atzeratuko da erretiroa hartzeko adina 2018. urtera arte, eta 2019tik 2027ra urtero bi hilabete atzeratuko da. Modu horretan, 2027. urtetik aurrera 67 urterekin hartuko da erretiroa Hego Euskal Herrian. 1948. urtetik aurrera jaio zirenei atzeratuko zaie erretiroa erreformarekin.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziako Gobernuak iaz 60 urtetik 62ra atzeratu zuen erretiroa hartzeko adina, protesta handien artean, eta orain dela gutxi iragarri du Frantziako Gobernuak erretreta osorik jasotzeko kotizazioa 41,5 urtera igo nahi duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.