Espainiako arrisku hobariak igo egin dira gaur ere, eta haren zorraren interesak errekorra hautsi du. 407 puntura heldu dira une batean, baina gero apur bat baretu dira. Dena den, arrisku hobaria oinarrizko 300 puntuetatik gora egotea arazoen seinaletzat hartzen dute merkatuek.
Italiarekin batera, Espainia da utzitako dirua ez itzultzeko arrisku handiena duen herrialdea: hamar urterako bonuen interesak %6,4a gainditu zuen Espainiaren kasuan, eta %6,25era iritsi zen Italiarentzat. Atzo beheranzko norabidea hartu zuten, eta ez du aldatzeko itxurarik.
Horrek %6,47raino igoarazi du zorraren interesa; Europako Batasunak, berriz, %7an du gehieneko muga. Interesak kopuru hori gaindituz gero, herrialde bati oso zaila egingo zaio bere burua merkatuetan finantzatzea ekonomia amildegira eraman gabe. Orain arte hiru herrialdek zeharkatu dute muga: Greziak, Irlandak eta Portugalek. Hirurek onartu behar izan dute EB Europako Batasunaren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza porrot ekonomikoa saihesteko. Hala ere, EBk lasaitasun mezu bat igorri du, eta ziurtatu du Espainiak eta Italiak erreskaterik ez dutela beharko.
AEBetan gehienezko zorpetzearen muga igo izanak ez du giroa baretu, eta zor publikoaren prezioak igotzen jarraitzen du.