Espainian aritzen diren bankuek diru gutxiago eskatu diote EBZri

EBko finantza sistemaren %10 dira; baina, irailean, EBZk banatu duen diruaren %21,8 jaso dute

Erredakzioa
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako finantza sistemako bankuek, aurrezki kutxek eta kreditu kooperatibek 97.682 milioi euro eskatu dizkiote irailean Europako Banku Zentralari. Diru asko da, baina datua ez da hain txarra, abuztuan baino %11 gutxiago delako. Abuztuan ez ezik, ekainean eta uztailean ere 100.000tik gora milioi euro eskatu zizkioten.

Dena dela, erakunde horiek Europako Batasuneko finantza sisteman duten pisua kontuan hartuta diru asko izaten jarraitzen du. Irailean, EBko finantza erakundeek orotara 447.722 milioi euro eskatu zizkioten EBZri, kopuru horretatik %21,8 Espainian aritzen direnek. Haien aktiboa eta pasiboa kontuan hartuta, ordea, haien pisua ozta-ozta iristen da EBko finantza sistemaren %10era, herrialdeetako banku zentralak alde batera utzita.

Abuztuan, EBZk finantza erakundeen artean banatu zuen diruaren %25,6 Espainian aritzen diren erakundeetara joan zen. Irailean 12.111 milioi euro gutxiago eskatzeak banku eta aurrezki kutxek diru premia txikiagoa dutela esan nahi du. Hala ere, kopuru horiek oso urrun daude iazkoetatik. 2009ko irailean, aurtengoan baino 18.000 milioi euro gutxiago eskatu zizkioten EBZri, 79.591 milioi euro, hain zuzen, EBko finantza erakundeek guztira eskatutakoaren %13,6 baino ez. EBZrekin zuten zorraren eta EBko finantza sisteman duten pisuaren artean askoz oreka handiagoa zegoen orduan.

Konfiantza indartu beharra

Herrialdeek beren zorraren truke interes tasa txikiagoak pagatu ditzaten, konfiantza indartuko duten politikak egiteko eskatu die EBZk euroguneko gobernuei. «Egonkortasuna lortuko duten urte anitzeko plan sinesgarriak behar dira». Haren esanetan, finantza publikoen iraunkortasuna bermatzeko, zorraren interesa txikitzeko eta denbora gutxian hazkundea bermatzeko gai direla erakutsi behar diote gobernuek publikoari. EBZren irudiko, gobernuek horrela lortu ahal izango dute publikoak eurengan duen konfiantza indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.