Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak iragarri du bere sindikatuak Espainiako lan erreformaren kontrako greba orokor deialdia egingo duela, estatu mailakoa. Haren arabera, datorren astean hartuko du azken erabakia UGTk. Casadok ez du dataren berri eman; "edozein egunek balio du", esan du, Gasteizen, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratze batean.
Espainian azken mobilizazio nagusiak elkarrekin deitu izan dituztenez, oso litekeena da lanuzte hori CCOOk ere deitzea.
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta ESK-k martxoaren 29rako Hego Euskal Herrirako greba orokorra deitua dute, haiek ere Espainiako lan erreformaren kontra egiteko. Hiru eta LSBk atxikimendua agertu dute deialdiari.