Espainiaren arrisku sariak gora egiten jarraitzen du, eta gaur 522 puntura heldu da 10:10ean, %6,56ko interesarekin. Euroa dagoenetik egon den maila altuenera iritsi da horrela.
Atzo 515 puntura iritsi zen —eguna 509 puntutan amaitu zuen—.
Italiaren arrisku saria 453 puntura heldu da eta Irlandakoa 607ra. Portugalen eta Greziaren arrisku sariek behera egin dute, 1.067 eta 2.841 puntuan kokatuz, hurrenez hurren.
Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak kargua utziko duela iragartzeak, Bankiaren egoerak eta ondorioz merkatuan sortu den mesfidantzak eragina izan dezakete igoera horretan.
EBZ Europako Banku Zentralak "erabat" baztertu du Espainiako Gobernuaren plana Bankia onbideratzeko, Financial Times egunkariaren arabera.