Europako Batasuna

Espainiari eta Portugali defizitagatik zigorra jartzeko erabakia atzeratu du Bruselak

Uztailean berriro aztertuko du gaia Europako Batzordeak; aurtengo eta heldu den urteko desorekari eusteko urratsak galdegin dizkie bi herrialdeei.

Pierre Moscovici Ekonomia komisarioa, aurreikuspenak aurkezteko egin zuen agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko maiatzaren 18a
08:49
Entzun

Espainiak eta Portugalek defizit publikoa murrizteko egiten ari diren bidearekin zalantzak ditu Europako Batzordeak. Hala ere, ez du oraingoz kritika hori ekintza bihurtzeko asmorik. Beharrezko ahalegina egiten ari ez direla iritzita, isun bat jartzea eskatu diezaioke Bruselak Europako gobernuburuen kontseiluari. Ez du oraingoz halakorik egingo. "Ez da momentu egokia ekonomikoki eta politikoki", justifikatu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza Gaietako komisarioak. Uztailean berrikusiko du egoera batzordeak.

Defizita murrizteko bidean arnas pixkat emango die Bruselak Espainiari eta Portugali. Espainiari dagokionez, urtebete gehiago emango dio helburua betetzeko. Aurten defizitak %3,7 eta datorren urtean %2,5 izan behar duela ezarri dio Bruselak. Pasa den urtean defizita BPG barne produktu gordinaren %5,1 izan zen. Hots, aurten 14.000 milioi eurotan jaitsi beharko litzateke diru sarreren eta gastuen arteko desoreka.

Bruselaren kalkuluen arabera, egun duen egoerarekin ez da nahikoa izango helburua betetzeko, eta lortuko dela bermatzeko neurri gehiago eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Bruselak aurreikusi du aurten helburua baino bi hamarren handiagoa izango dela defizita, eta heldu den urterako sei hamarren gehiago kalkulatu ditu. Alde hori konpontzeko egiturazko balantzea %0,75 hobetzeko eskatu dio. 8.000 milioi euro inguru doitu beharko lituzke gobernu berriak, kalkulu horien arabera.

Portugalen kasuan 2015 urterako defizita orekatzea eskatu zitzaion, baina urtebete gehiago emango dio. Pasa den urtean defizita %4,4 izan zen Portugalen, eta aurten kopuru hori %2,3 izateraino jaistea galdegin dio Europako Batzordeak.

Zipreri, Irlandari eta Esloveniari, aldiz, gehiegizko defizita izateagatik ireki zitzaien prozedura itxiko zaie. Joan den urtean kokatu zuten hiru herrialdeek defizita Egonkortasun eta Hazkunde Itunak agindutakoaren azpitik, eta lorpen horrek iraungo duela uste du EBk.

Espainiarekin eta Portugalekin batera, beste lau herrialdek segitzen dute prozedurak irekita. Eurogunearen barruan Frantzia eta Grezia, eta moneta bakarretik kanpo, Erresuma Batua eta Kroazia. Frantziari dagokionez, defizita kontrolpean jartzeko epea 2017. urtera luzatu zion iaz Bruselak. Egungo aurreikuspenekin ez dela lortuko ohartarazi dio batzordeak Hollanderen gobernuari, eta lortuko dela bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.