Ez da ustekaberik egon: espero bezala, isunik gabe geratu dira Espainia eta Portugal. EBko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak aho batez berretsi du herrialdeok defizitagatik ez zigortzeko Europako Batzordeak eginiko proposamena. Hasieran BPGaren %0,2rainokoa izan zitekeen isuna hutsean uztea sostengatu dute azkenean, eta arnasaldia luzatu diete Madrili eta Lisboari: izkin egin diete 2.200 milioi eurorainoko isunari eta 360 milioi ingurukoari, hurrenez hurren.
Barkamena, ordea, ez zaie doan irtengo, biek ala biek gerrikoa estutu beharko baitute Bruselak ezarri dizkien defizit helburu berriak garaiz betetzeko. Portugalek trukean BPGaren %2,5eraino jaitsi beharko du defizita urte amaierarako, eta, orotara, 448 milioiren murrizketak egin beharko ditu. Espainiari, berriz, bi urte eman dizkio defizitaren urrezko araua betetzeko, BPGaren %3tik behera apaltzeko, baina galtzak bete lan izango ditu. Iaz %5,1eko defizitarekin itxi zuen urtea, eta %4,6ra jaitsi beharko du aurten. 2017an, %3,1era ailegatu beharko du, eta 2018an, %2,2ra. Erritmo horri eusteko, Madrilek 10.000 milioi murriztu beharko ditu.
Arriskua ez da desagertu
Europako Batzordeko Ekonomia komisario Pierre Moscovicik nabarmendu du Ecofinen baiezkoak "ezin hobeto" islatzen duela egonkortasun eta hazkunde ituna "apropos" ezartzen ari direla. "Espainiari eta Portugali defizita murrizteko denbora gehiago emanda, ibilbide fiskal berriak eta sinesgarriak aplikatzen ditu batzordeak, bai euroguneko ekonomia eta bai herrialde horiena indartzen lagunduko dutenak". Hitz horiekin bat egin du Ecofineko presidente Peter Kazimir eslovakiarrak, eta gaineratu ministroek ez dutela "goserik" izan batzordeari kontra egiteko. Defizit publikoaren gehienezko muga hautsi, eta arauak behin eta berriz urratu arren onik ateratzea kritikatu dute Alemaniako sektore ortodoxoek, baina EBko kideek nahiago izan dute bi herrialdeotako hazkunde ekonomikoa arriskuan ez jartzea.
Erabakia, nolanahi ere, teknikoki ez da behin betikoa. Euroguneko Ekonomia ministroek hamar egun dituzte oraindik, nahi izanez gero, batzordearen proposamena atzera botatzeko —gehiengo kalifikatua beharko lukete horretarako—. Bi herrialdeek urriaren 15era arteko epea dute Bruselari defizita betetzeko neurri zehatzak proposatzeko, 2017rako aurrekontu planak igorri eta gastuaren sabaia adostearekin batera. Ecofinek ohartarazi du neurri eraginkorrik ezean EBko egiturazko funtsetako ordainketen %50 izoztu ditzakeela urtarrilaren 1etik aurrera; kopuru hori mila milioi eurotik gorakoa litzateke Espainiaren kasuan.