Eusko Jaularitzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 241 erregulazio espediente tramitatu zituen apirilean, martxoan baino % 7 gutxiago. Horietatik 145 aldi baterakoak izan ziren, 84 lanaldia murriztekoak, eta hamabi langileak kaleratzeko asmoz aurkeztutakoak. Dosier kopurua gutxitu arren, haien pean geratutako langileen kopurua hazi egin da: martxokoek 2.826 langileri eragin zieten, eta apirilekoek, 2.844ri. Horietatik 93 geratu ziren kalean.
Enplegu Sailak jakinarazi duenez, arrazoien artean, eskariaren eta ekoizpenaren murrizketa da nagusi. "Bai bata eta bai bestea kausa ekonomiko eta finantzarioekin estuki lotuta daudenez, kasu askotan zaila izaten da bataren eta bestearen benetako pisua zehaztea". Jaurlaritzak nabarmendu du adostasun handiarekin aurkezten direla dosierrak. Apirilean %92 izan ziren langileen ordezkariek nahiz zuzendaritzak sinatutakoak.
Sektore joera aldaketa nabari da azken hilabeteotan. Krisia hasi berritan, 2009an, hamar espedientetik zazpi industria alorreko enpresek aurkezten zituzten; azkenaldian, ordea, zerbitzuetan asko ugaritu dira. Apirilean, esaterako, espedienteen %43,4 zerbitzuen sektorekoak izan ziren, %42,9 industriakoak, %13,5 eraikuntzakoak, eta gainerako %0,5 nekazaritza arlokoak. Eskualdeei dagokienez, Arabako Lautadan, Bilbo Handian eta Donostia aldean izan ziren gehienak.
Gaur egun, 1.831 espediente daude indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 22.844 langileri eragiten diete. Dosierren erdiak baino gehiago aurreko baten jarraipena dira.