Espekulazioak laborariei dakarzkien zailtasunak agerian utzi ditu ELBk

Basusarriko 3,5 hektarea 4,8 milioi eurotan salgai ezarriak dira, 15.000 euroko kostua dutelarik

Laborantzarako lurrak geroz eta gehiago eraikuntzarako bideratzen direla salatu zuen sindikatuak atzo. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Basusarri
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Etxebizitza arloko eragileek eta diruak hiri inguruko guneetan duten boterea eta laborariek bizitzeko eta bizirik irauteko dituzten zailtasunak islatzen ditu kasu horrek». Basusarriko (Lapurdi) arto landa baten aitzinean eman zuen prentsaurrekoa atzo ELB laborarien sindikatuak, geroz eta gehiago pairatu beharra daukaten espekulazioa gaitzesteko.

Zehazki, hiru hektarea eta erdi landa dira salgai ezarriak, 4,85 milioi eurotan, laborantzarako lurren prezioa segituz, 15.000 inguru euroko balioa dutelarik. Etxebizitza arloan ari den egitura bat prest agertu da erosteko, pentsatuz bost urte barne eremu hori eraikuntzarako zuzendua izanen dela. Hain zuzen, bilakaera hori ez du onartzen sindikatuak: «gure lan tresna defenditu behar dugu, lur horrek elikagai ekoizle segitu behar du», Marie Christine Elizondo laborariaren hitzetan. «Lurra espekulaziorako gaia bilakatua da, burtsa baino segurtamen gehiago dakarren gaia», Josette Zubelzu laborari eta sindikalistaren ustez.

Safer egiturari deia

Bilakaera hori oztopatzeko, lurren kudeaketaz arduratzen den Safer egiturari dei egin dio ELBk. Lurrak lehentasunez erosteko eskubidea du egitura horrek eta aukera hori baliatzea exijitzen dio ELBk. Urriaren 4ra arte da hori egiteko duen epea. Horrela, laborantzarako izaten segi lezake eremuak, bertan laborari baten postua segurtatuz. Adibidez, ELBk jakitera eman duenez, lurrik gabekoen instalaziorako landak kolektiboki erosten dabilen GFA Lurra egitura eremu horretaz interesatua litzateke eta haren hautagaitza aurkeztua dio jada Safer egiturari. Ikusiz hirietarik hurbil bertako ekoizpenen kontsumitzeko eskaera handia eta ase gabea dela, laborantzarako zuzenduriko lurren beharra oroitarazi zuen Elizondok.

Herriko etxearen ardura

Herriko etxeak ardura handia duela oroitarazirik, lehentasunez erosteko duen eskubidea baliatzea eskatu zioten baita Basusarriko herriko etxeari.

Udalak planteaturiko Urbanismoko Tokiko Planaren arabera, ezin eraikigarri bezala sailkatua dira 3,5 hektarea horiek, hirigintzarako lurrak agortuak izanez gero, eraikigarri bilaka daitekeelarik. Hori dela eta, etxebizitza arloan ari den egiturari saltzen balira, «nahikeri kolektiboaren eta herriaren xedearen aurka» joanen liratezkeela salatu zuten.

Gaurko egunean, laborari bat dabil eremu horretan artoa ekoizten, baina, seguruenik, jabearekin hitzarmenik pasa gabe, hots, «prekarietatean, lur jabeen nahiaren menpe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.