Nafarroan, ustelkeriaren maila zero da. UPN-n ez dago ustelkeria kasuengatik auzipetua edo kondenatua izan den inor". Yolanda Barcina presidenteak harro bota zuen esaldi hori iazko azaroaren 3an, enpresaburuen eta politikarien arteko gosari batean. Handik hiru astera, azaroaren 28an, inputatu gisa deklaratu behar izan zuten UPNko hiru kidek: Josetxo Andia Eguesibarko alkate ohiak, Carolina Potau alkateorde ohiak eta Estefania Clavero UPNren udal taldeko bozeramaile ohiak. Zinegotziek osatutako ikerketa batzordeak 50 irregulartasun baino gehiago antzeman zituen udal gobernu taldearen kudeaketan, eta, horretan oinarrituta, "delitu zantzuak" ikusi zituen Agoizko Zigor Auzitegiko epaileak.
Izan ere, Eguesibarko Udala polemika iturri etengabea izan da azken hamarkadan: Galipienzo auzia, Egues auzia, Preferenteen auzia... Barcinaren aburuz, "sagar ustel batzuek" eragindako albo-kalteak izan dira horiek guztiak. Oposizioko alderdi gehienen ustez, ordea, gaitz endemikoa da Eguesibarko Udalarena. Politika egiteko modu jakin baten ondorioz kutsatu eta hedatutako gaitza.
Eguesibarrekin lotutako irregulartasun, ustelkeria eta espekulazio auziak kontagaitzak diren arren, bi izan dira ikerketa ildo nagusiak azken urteetan: adreiluaren sektoreari lotutakoa bata, eta Caixa Catalunyaren "lehentasunezko akzioetan" xahututako diru publikoari dagokiona bestea. Bietan ala bietan salatzen diren ustezko delituak, gainera, printzipio bertsuetan oinarritzen dira: ondasun publikoen erabilera bidegabea. Denona dena pribatua balitz bezala maneiatzea, alegia.
Eta beste kointzidentzia bat: auzi guztietan, alor batekoak zein bestekoak izan, UPNri lotutako kargudunak ageri dira zirimolaren erdian. Agintari erregionalistek, ordea, neurriak hartu izan dituzte beti, ustelkeriaren lohiak alderdia zipriztindu ez dezan, eta eskandaluek berripaperen tituluetara jauzi egin dutenean —ez lehenago—, afiliatu txartela kendu diete Eguesibarko kargudunei. Halaxe gertatu zen, kasurako, Ignacio Galipienzo eta Josetxo Andia alkate ohiekin. Alfila sakrifikatu, erregina salbatzeko.
'Egues auzia'
Orain dela hamabost urte hasi zen Egues auzia izanen zena eratzen. 2000. urtean, Eguesibarko Udalak lehiaketa publikoa antolatu zuen lur sail bat urbanizatzeko, baina, oposizioko taldeek gerora salatu zutenez, lehiaketaren oinarriak idatzi zituen arkitektoari eman zitzaion kontratua. Prebarikazioa leporatu zioten Ignacio Galipienzo orduko alkateari, baina epaiketan, akusatuaren defentsak eta fiskaltzak bat egin zuten, ez baitzuten delitu zantzurik antzeman. Hori izan zen hedabideetan agertutako lehen auzia, baina ez azkena, ezta larriena ere.
Ordutik, dozenaka agintari politikok eta enpresek Egues-Gorraiz ardatzaren inguruan osatutako sare zurruna hasi zen azaleratzen: Aricam, Laranzor, AH Asociados, Ambito... Izen berberak hasi ziren azaltzen proiektu eta adjudikazio guztien atzean. 2002an, Gorraizko lur sail baten salerosketan bitartekari lanak egin zituen Galipienzok. Orube hori eskola bat eraikitzeko besterik ez bazen ere —hala ziurtatzen zuten hamaika txostenek—, alkate ohiak apartamentu-hotel bat eraikitzeko baimena eman zion Aricam enpresa multzoari, eta horren truke, 138.000 euroko eskupekoa jaso zuen. Garai hartan, Galipienzok eta Carolina Potau zinegotziak Aricamen lan egiten zuten. Informazio hori azaleratzean, ekaitz politikoa piztu zen Nafarroan, eta, egun batetik bestera, UPNko ardi beltza bilakatu zen Eguesibarko alkatea. 2009an, auzia publiko egin eta bost urtera hasi zen haren kontrako epaiketa. "Funtzionarioei debekatutako negoziazioak" eta "prebarikazio urbanistikoa" egitea egotzi zion fiskalak, baina ez zuen eroskeria deliturik gaineratu —akusazio partikularraren arabera, hori zen deliturik larriena—. Epaileak, fiskaltzaren tesiei men eginez, urtebeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zion Galipienzori. Alkate ohiak ez zuen kartzela zapaldu ere egin, eta Madrilera joan zen bizitzera. Hirigintzaren sektorean lan egiten du gaur egun.
Javier Muñoz 2012ra arte Nafarroako fiskal nagusia izan zenaren rola gogor kritikatu zuten oposizioko alderdiek, haien esanetan auzian inputatutako politikari nahiz enpresaburuen alde egin zuelako. Garai hartan, Eguesibarren bizi zen Muñoz, eta Galipienzoren nahiz UPNko beste hainbat agintariren bizilaguna zen Altzuzako urbanizazio esklusibo batean.
Nafarroako Gobernuak itxitzat eman zuen auzia berehala, ustelkeriaren mamua lehenbailehen uxatu nahian, baina arazoa ez zen amaitu. Kanporatutako alkatearen lekukoa Josetxo Andiak hartu zuen; nork eta Galipienzorekin Hirigintza zinegotzi izandakoak. Eta, horrez gainera, aurreko gobernu taldea osatzen zuten gainontzeko zinegotziek ere (Potau, Clavero...) eserlekua mantendu zuten eskuinaren hautagaitza berrituan.
Galipienzoren taldeaz gain, bere negozio eta "lehentasunezko bazkideak" ere oinordetzan jaso zituen udal gobernu berriak. Hala, Aricam, AH Asociados eta Construcciones Flores-en gisako enpresek tratutan segitu zuten Eguesibarko Udalarekin.
Espero zitekeen bezala, Andiaren agintaldia (2003-2013) ez zen aurrekoa baino lasaiagoa izan. Aitzitik, publikoaren eta pribatuaren arteko mugak are gehiago lausotu ziren, udalak Andacelay izeneko enpresa publikoa sortu ostean. Babes ofizialeko etxebizitzen promozioak diseinatzeko eta sustatzeko jaio zen sozietate hori, baina, berehala, Nasipa —Navarra Siempre Palante esamoldearen akronimoa [sic]— enpresa pribatuarekin egin zuen hitzarmena, Egues 21 eta Egues 21 II izeneko elkarteen bitartez. Ikerketa batzordearen eta Comptos ganberaren ustez, Nasipak baliatu egin zuen lehentasunezko posizio hori, hainbat lehiaketa era opakuan irabazteko.
2010eko apirilean, adibidez, Erripagaina auzoan babes ofizialeko 138 etxebizitza eraikitzeko deialdi publikoa egin zuen Egues 21 II sozietateak, eta, lanak adjudikatzeko orduan, lehiaketara aurkeztutako proiektuak puntuatzeko ardura Nasiparen arkitekto baten esku gelditu zen: Pucho Vallejo, garai hartan Yolanda Barcinaren senarra zena.
Hiru etxebizitza promozio egin zituzten elkarrekin Andacelay eta Nasipa enpresek, eta guztietan irregulartasun ugari aurkitu zituen Eguesibarko udal taldeek osatutako ikerketa batzordeak. Comptos ganberak ere "gardentasunik eza" eta "lehiaketa publikoen printzipioak urratzea" leporatu zion Eguesibarko Udalari, 2006, 2009 eta 2014an argitaratutako txostenetan. Auzia zabalik dago oraindik epaitegietan, eta Andiak dimisioa eman behar izan zuen horregatik.
Lehentasunezko akzioak
Etxegintzarekin lotutako eskandaluez gain, Comptos ganberak bestelako irregulartasunak topatu zituen Andacelay sozietate publikoaren kudeaketan: diru publikoen kutxatik ateratako 100.000 euro inbertitu zituen Josetxo Andiak Caixa Catalunyaren lehentasunezko akzioetan, eta horrek galera ekonomiko handia eragin zuen. Iazko abenduan hasi zen epaiketa Nafarroako Auzitegian. Epailearen aurrean, Andiak argudiatu zuen berak ez zekiela finantza produktu horiek arrisku handikoak zirenik, baina fiskaltzak gogorarazi zion alkate izan aurretik finantza aholkulari izan zela —non eta Caixa Catalunyan— eta inork baino hobeto ezagutzen zituela operazio horrek izan zitzakeen arriskuak. Diru publikoak bidegabeki erabili izana egotzi zion, baina epaileak absolbitu egin zuen.
Andiak, ordea, zabalik ditu beste hainbat auzi; Eguesibarren, oraindik, asko baitago argitzeko.