Espero baino hobeto hasi du urtea makina erremintaren sektoreak

Eskaera zorroa %8,2 hazi da lehen hiruhilekoan; iazko emaitzak errepikatzea ontzat jo du AFMkEkoitzitakoaren %80 atzerrian saldu du sektoreak, eta Txina izan da bezero nagusia

Miren Garate.
Donostia
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Espero baino hobeto hasi du urtea makina erremintaren eta fabrikazio teknologiaren sektoreak. Eskaeren zorroa %8,2 handitu da lehen seihilekoan, gehienbat kanpoko merkatuetatik jasotako eskaerengatik. Dagoeneko ekoitzitakoaren %80 atzerrian saltzen du sektoreak. Makina erremintako enpresak bakarrik hartuz gero kontuan, kopurua %90ekoa da. Hala eta guztiz ere, enpresek ez dute uste baikorregi izateko momentua denik. Kezkatuta daude, merkatuetan gorabeherak daudelako eta bezeroek ziurtasunik ezdutelako. Hala, ontzat jo dute aurten iazko emaitzak errepikatzea.

Gaur egingo du urteko batzar nagusia AFM Advances Manufacturing Technologies elkarteak. Makina erreminta, osagarri, osagai eta erremintetan aritzen diren 138 enpresek osatzen dute. Berez, Espainiako federazioa da, baina bazkideen %80 inguru dira Hego Euskal Herrikoak. 7.000 lagun ingururi ematen diete lana zuzenean eta beste hainbesteri zeharka.

Iazko urtearen balantzea egiteko, agerraldia egin zuten atzo Jose Ignacio Torrecilla presidenteak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak. Zenbakiei huts-hutsean begiratuz gero, 2011. urtea ona izan zen. 1.250 milioi euro fakturatu zituzten, 2010ean baino %22,7 gehiago: 771,3 milioi, makina erremintako enpresek (%22,1 gehiago); 320,4 milioi, osagai, osagarri eta erreminta enpresek (%10,8 gehiago); eta 180,3 milioi, bestelako makina eta teknologien ekoizleek (%56,3 gehiago).

Dena den, kopuruak aurrez espero baino okerragoak izan zirela aitortu zuten, eta enpresen artean ezberdintasun handiak egon zirela. «Urte zaila eta neketsua izan da. Hasieran itxura ona hartzen genion arren eta eskari sarrera ona zen arren, urtearen amaieran zalantzak sortu ziren, eta ez ginen iritsi nahi genuen kopuruetara. 2012an zer gertatuko den zain gaude». 2008a izan zen AFMrentzat inoizko urterik onena. «Orduko datuekin alderatuta, %25 azpitik gabiltza oraindik».

Esportazioena izan zen daturik positiboena. %37,8ko gorakadarekin, inoizko handienetan bigarrenak izan ziren. Iaz arte Alemania zen makina erremintaren erosle nagusia, baina joan den urtean Txinak aurrea hartu zion. «Barne merkatuan dagoen eskari eskasa ere bada esportazio zifra altuen eragile, baina bistan da nazioartean dugun lehiakortasunari esker lortu ditugula halako emaitzak», azaldu zuen Torrecillak.

Esan zuen aurrera begira ere berrikuntza bermatzea eta nazioartera jotzea izango dela erronka nagusia, eta kezkatuta agertu zen Espainiako Gobernuak ikerketan eta garapenean iragarritako murrizketengatik. «I+Grik eta prestakuntzarik gabe, oso zaila litzateke Txinan, Indian eta AEBetan saltzeko bezain lehiakorrak izatea». Zehaztu zuen AFMko enpresen indargune nagusia ez dela merke ekoizteko gaitasuna, Txina eta India eurak gai direlako horretarako.

Biurtekoaren zain

Sektoreko enpresek jardunaldi garrantzitsua izango dute hilabete amaieran. Maiatzaren 28tik ekainaren 2ra, Makina Erremintaren Biurteko Azoka egingo dute BECen. Oran artean esku artean dituzten datuei erreparatuta, 2010ean baino parte hartze handiagoa espero du AFM federazioak.

Halako azokek krisitik ateratzen laguntzeko balio dutela dio.«Herrialde honi gertatzen zaion gauzetako bat da industriak BPGari ekarpen txikiegia egiten diola. Krisitik irteteko gaitasun industriala hobetu behar dugu, eta, horretarako, enpresek ondo hornituta egon behar dute, produktiboagoak eta lehiakorragoak izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.