Espilondok dio igandeko lanak lan kodea urratzen duela

Daniel Poulou eta Jean Grenet diputatuek lege xedea onartu izana gaitzetsi du Angeluko auzapezak

Aitor Renteria.
Baiona
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Igandeko lana baimentzea onartu berri dute Frantziako diputatu eta senatariek. Jean Espilondo Angeluko auzapezak eta Annie Jarraud Vergnolle senatariak gogor gaitzetsi dute lege egitasmoa, eta Frantziako lan kodea urratzen duela azaldu dute. Frantziako konstituzioa ere urratzen duela nabarmendu dute Espilondok eta Jarraud Vergnollek.

Gogora ekarri dute lege xedea udan onartu zela, sei bozengatik eta goizaldeko bi orenetan. Sozialisten iritziz, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen eragin zuzena ikus daiteke. Azaldu dute denbora galdu gabe neurririk neoliberalenak indarrean jarri nahi dituela. Daniel Poulou eta Jean Grenet diputatuen jarrera ere salatu dute, lege horri zuzenketarik ez egiteagatik. Grenetek gogorrago gaitzetsi du: «Grenet jauna sekula ez da agertzen Asanbleara».

Orain artean auzapezek zeukaten saltegi handien irekitzeak arautzeko eskubidea. Gehienenik bost igandez ireki zezaketen urtean. Angelun, urtean bi igandetan irekitzeko baimena ematen zuela jakinarazi du Espilondok. Engoitik, auzapezak ez du eskumenik ukanen irekitzea eragozteko.

«Legeak ez du deus zehazten, turismo guneak aipatzen ditu, baina azaldu gabe zenbat herri sartzen diren atal horretan, 500 edo 6.000», erran du Jarraud Vergnollek.

Hiru lanpostu galdu, bat sortu

Adierazi dute, eskubide urratzailea izateaz gain,igandeko lana lanpostu suntsitzailea dela. Izan ere, diotenez, saltegi txikietan hiru lanpostu galduko dira, eta handietan bat irabaziko da. Azaldu dute igandeko lanak gizarte loturak suntsituko dituela, langileentzako aukera bakarra delako bizi soziala edo familia harremanak izateko aste barnean. Saltegi handietan lan egiten duten gehienak egoera prekarioan ari dira, eta emazteak dira. Alta, lana egin beharra badute ere, igandeetan haurtzaindegirik ez dela izanen nabarmendu dute. «Ororen buru gizarte neoliberalari buruz egindako urratsa da, AEBen ereduari jarraitzen diona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.