antxoaren arrantza

Espinosak bilera egitea onartu arte mobilizazioak egiteko prest daude arrantzaleak

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek bilera egin dute Galiziakoekin eta Kantaurin arrantzatzen duten Espainiako arrantzaleek. Europako Batasunak (EB) antxoaren inguruan hartutako erabakiaren balorazioa egiteko bildu dira eta ez daude batera konforme erabakiarekin. Espainiako Arrantza ministro Elena Espinosarekin "berehala" bilera egitea eskatu dute, eta bilera onartu arte "edozein modutako ekintzak" aurrera eramateko prest agertu dira.

2006ko abenduaren 28a
16:56
Entzun
Antxoaren arrantzak debekatuta jarraitzea erabaki zuen EBk, baina, apirilaren 15etik maiatzaren 15era Bizkaiko Golkoan arrantza esperimentala egiteko baimena 28 ontziri ematea ere onartu zuten. Ontzi horiek antxoa arrantzatuko dutela uste dute arrantzaleek, eta beraz, erabaki hori onartzea "xantaiari men egitea" dela iritzi diote. Hala azaldu du Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako lehendakari Jaime Tejedorrek, bilera ostean.

Gaiaz hitz egin nahi dute Espinosarekin, eta bilera egitea eskatu dute. Bilera hori lortu bitartean mobilizazioak egiteko prest daudela ere gaineratu dute.

Tejedorren iritzian, "iruzur onartezina" da EBk hartutako erabakia. Txosten zientifikoak nahi badituzte, horiek egon badaudela gogorarazi diote EBri, eta "xantaiari men egitea" leporatu diote Espainiako Gobernuari. "Ez dira egon behar gehien dutenen alboan".

Haserre agertu dira arrantzaleak. "Honaino iritsi gara. Gure bila badabiltza, topatu egingo gaituzte. Elkarrizketa eta zentzua eskatzen dugu, baina zainetan odola daukagu". Bere burua sozialistatzat eta ekologistatzat duen gobernu batek onartutako akordioa sinatzea "lotsagarria" dela uste dute. Izan ere, beren iritzian, aukera paregabea zegoen espeziea berreskuratzeko. Orain, aldiz, "historiako unerik okerrenean" daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.