Ondorioak izan ditzake Portugalentzat Espirito Santo Bankuaren gainbeherak. Izan ere, azken orduetan jakinarazi dute haren akzioek %50 egin dutela behera. Haren finantza egoera argitu eta egoera baretu arte bi orduz eten duten bankuko akzioen salmenta, horrek gainbehera geldituko zuelakoan, baina ez da hala izan.
Espirito Santo Bankua Portugalgo indartsuenetariko bat da, baina azken hilabeteetan inoizko galera handienak izan ditu. Lehen hiruhilekoko datuen arabera, 3.577 milioi euro galdu ditu urtarriletik martxora bitartean. Horiek hala, bankuko zuzendari Vitor Bentok iragarri du "berehala" hasiko dutela kapitala handitzeko prozesua, izan ere uneotan ez dituzte betetzen Europako Batasunaren baldintzak.
Bentok hilaren 14an hartu zuen zuzendari kargua. Azken 22 urtean erakundeko buruz izandako Ricardo Salgadok erretiroa hartu ostean. Portugalgo Gobernuak, hain zuzen, gogor kritikatu ditu Salgadok azken urteetan bultzatutako politikak.