Salmentak

Esportazioak %36 erori dira maiatzean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kanpoko salmentak ia %25eko beherakada izan dute urteko lehen bost hilabeteetan, iazko epe beraren aldean.

Bilboko Portua. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko uztailaren 17a
11:58
Entzun

Eustaten arabera, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeen kanpo merkataritzak 1.551 milioi euroko superabita dauka, baina pandemiak kolpe handia eman die esportazioei, euskal industriaren termometroetako bati. %36 erori dira maiatzean, urte arteko tasan, eta, dagoeneko, %24,7ko beheraldia pilatu dute urteko lehen bost hilabeteetan. Begien bistakoa da nazioarteko merkatuek arazoak dituztela gutxieneko normaltasunari eusteko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek 1.560,3 milioi euro saldu dituzte kanpo merkatuetan maiatzean, eta, aurreko urtean, 2.439,7 milioi izan ziren. Ondasun energetikoen esportazioek %45,5eko beherakada izan dute, eta ez-energetikoenek, %35,3koa. Hiru lurraldeek dute beheranzko joera —eta antzeko ehunekoak—, baina Bizkaian pixka bat nabarmenagoa da, % 37,7ko atzerapena izan baitu. Gipuzkoan, –% 35,5 erori da, eta Araban, berriz, –%34,5. Bizkaian, gainbehera handiago horrek zerikusia du «produktu mineral eta energetikoekin».

Saldo komertziala

Erorialdia historikoa den arren, saldo komertziala positiboa da oraindik ere, 491 milioi euro inguru. Kopuru horrek superabit komertzialean %8,5eko beherakada erakusten du, aurreko urteko maiatzekoaren aldean (536,7 milioi). Saldo komertzial ez-energetikoa ere positiboa izan da, eta 518,7 milioi eurora iritsi da; baina, aurreko urtekoarekin alderatzen bada (890,8 milioi), %41,8ko beherakada izan du.

Inportazioen gaineko esportazioen estaldura tasa 17,7 puntu handitu da, eta lehen %128 zena orain %146 bihurtu da. Tasa bera izan dute produktu ez-energetikoek: %164tik %154ra igaro dira. Hil honetan, hamar herrialdetan metatu da esportazioen %68,5: AEB, Alemania, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Herbehereak, Italia, Portugal, Polonia eta Txina. Salmenta horietatik gehienak EB-27ren barruan daude (1.003,1 milioi euro).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.