Estatistikatik kanpo zeuden 7.500 langabe gehitu ditu orain Lanbidek

Espainiako enplegu zerbitzu publikoek eta Langaik zituzten bi erroldak alderatu dituenean aurkitu du akatsaGuztiak gehituta, 198.822 langabe daude Hegoaldean, populazio aktiboaren %14,6

INEMek Bilboko Santutxu auzoan duen bulegoa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua martxan jartzeko prozesuan beste ustekabe ezatsegin batekin egin du topo Eusko Jaurlaritzak: orain arte 7.500 langabe estatistika ofizialetik kanpo zeudela ohartu da, eta horiek gehitu behar izan ditu. Horrek puntu erdi bat handituko du langabezia tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta heldu den astelehenean martxoko langabeziaren datu ofiziala eman baino lehen jakinaraztea erabaki du, zalantzak argitzeko.

Jaurlaritzak argi du arazoa non sortu den. Orain arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi langabe errolda nagusi zeuden: alde batetik, Espainiako enplegu zerbitzu publikoak zuen zabalena (lehen, INEM); bestetik, Langai Laneratzeko Euskal Zerbitzuak bazuen langabe zerrenda propioa. EAEk enplegu politika aktiboen eskumena jaso eta gero, bi datu baseak alderatu dituzte, eta Lanbidek ondorioztatu du Espainiako zerbitzuek ez zituztela kontuan hartu Langain izena emanda zeuden 7.500 lagun. Langabe horiek Langain izena emanda zeuden, baina ez INEMen.

Jatorria garbi dago. Ez, ordea, horren ardura. Izan ere, legeak agintzen du laneratzeko agentzia publiko edo pribatuetan izena ematen duten langabeak Espainiako zerbitzu publikoei jakinarazi behar zaizkiola. Javier Ramos Lanbideko zuzendariak hala egin dutela nabarmendu zuen atzo, datu berriak azaltzeko egin zuen agerraldian. «Langaik beti eman die Espainiako enplegu zerbitzu publikoei bere erroldan zituen pertsonen berri».

Jaurlaritzak ziurtatu du ez dakiela Espainiako enplegu zerbitzuek zergatik ez zituzten zenbatu pertsona horiek. Azalpenak eskatu dituzte, eta horien zain daude. Javier Ruiz Lan sailburuordearen arabera, INEM ohiak ez zuen erroldatzeko eskumenik. «Pertsona batek bere borondatez izena eman behar du enplegu zerbitzu publiko batean. Ezin zaio behartu». Edonola ere, horrek ez luke azalduko zergatik geratu diren estatistiketatik kanpo.

Langai 1996 eta 2010 bitartean aritu da lanean. Hori dela eta, Lanbidek azpimarratu du langabeziaren irudi «erreala» azaleratu dutela, lehen aldiz azken hamabost urteetan. Baliteke gehiago ere izatea, irabazi asmorik gabeko beste laneratzeko agentzia batzuk badirelako. Horien pisua, dena den, oso txikia da.

Ezaugarri bereizgarririk ez

Aldaketa estatistikoa aintzat hartuta, otsailean 198.822 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, populazio aktiboaren %14,6. Oro har, 7.500 laguneko multzo horretan ezaugarri berezirik ez dago, eta herrialdeen arteko banaketa ere toki bakoitzean langabeziak duen pisuaren antzekoa da, Lanbidek zehaztu duenez.

Ondorio batzuk izango ditu aldaketak langabeziaren datuen interpretazioan. Esaterako, estaldura tasa jaitsi egingo da: 7.500 pertsona horiek ez dute inolako langabezia ordainik jasotzen, horretarako ezinbestekoa zutelako Espainiako zerbitzu publikoetan izena emanda egotea. Ordainen bat jasotzen dutenen kopurua bi puntu inguru murriztu da. Hots, langabeen %58k kobratzen dute.

Gainera, are gehiago zabalduko du langabezia erroldatuaren eta enplegua neurtzen duten estatistiken arteko aldea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 104.200 langabe zeudela kalkulatzen zuen Eustatek 2010eko azken hiruhilekoan, eta 114.900 zeudela Espainiako Estatistika Erakundeak (INE). Lanbidek, aldaketaren ondotik, 152.956 lagun ditu langabeen zerrendan, Eustatek baino %46 gehiago, eta INEk baino %33 gehiago.

Ez da Jaurlaritzako Lan Sailak azken hilabeteetan jaso duen albiste txar bakarra. Gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen jarraitu ahal izateko 3.500 onuradun inguruk enplegu zerbitzuetan izena emateak errolda gizendu zuen urteko azken txanpan. Gainera, langabeziaren igoerak ez du etenik izan joan den urteko abuztutik.

Ikuspuntu makroekonomiko batetik ere enpleguaren egoera aurten espero baino gutxiago hobetuko dela uste du Jaurlaritzak, gainera. Argitaratu berri dituen aurreikuspenen arabera, barne produktu gordina %1,4 handituko da aurten — %1,5 kalkulatzen zuen —, eta batez besteko enplegu kopurua %0,1 baino ez. Horrekin soilik 1.000 lanpostu sortuko lirateke. Orain arte 5.000 inguru izango zirela espero zuen Lopezen gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.