Euskal Herrian 15:00ak zirenean hasi zuten atzo bilera Washingtonen Erreserba Federaleko (Fed) hamabi kontseilukideek, baina amaieran, denek espero zuten gidoia idatzi zuten. Aho batez, ezusterako tarterik gabe, Estatu Batuetako interes tasak puntu laurden igotzea erabaki zuten, %2an utzi arte. Ekainaz geroztik laugarren aldiz garestitu dute dirua eta jada tasek Eurogunekoekin bat egin dute. Bosgarrena abenduan etor daitekeela aurreikusten dute adituek.
Erreserba Federalaren helburu nagusia prezioei egonkor eutsi eta Estatu Batuetako hazkuntza ekonomikoa bermatzea da. Datozen hilabeteetan helburuok lortzeko, ekonomiatik tira egiten duten «goranzko eta beheranzko arriskuak nahiko parekatuta» daudela iritzi dio Fedek, ohiko hizkuntza ilunean.
Defizit bikiak (publikoa eta kontu korrontekoa) salbu, dirua garestitzeko tartea dagoela erakutsi diote azken adierazle makroekonomikoek banku zentralari. Batetik, AEBetako ekonomia sendo hazi zen urrira arte (%3,4 iazko datuekin alderatuz gero). Bigarrenik, iragan hilabetean 337.000 enplegu sortu ziren, martxoaz geroztik lortutako daturik onena. Txikizkako salmentak %1,5 hazi ziren irailean, eta kontsumitzaileen gastuak ekonomiatik tira egiteko indartsu jarraitzen duela erakutsi zuen. Defizit publikoaz eta kontu korrontekoaz gain, uneotan inflazioa da mehatxurik nagusiena. Oraingoz ez du arazorik eman, nahiz eta dolarra merke egon eta petrolioa garesti. «Inflazioa eta epe luzerako prezioen aurreikuspenak kontrolpean daude», dio Fedek. Ekainaz geroztik, pixkanaka diru politika gogortzeari ekin dio eta azkeneko erabakiarekin kontsumo prezioak gertutik zaindu nahi dituela jakinarazi nahi izan du. Haatik, banku zentralaren arabera, diru politikak «erosoa» izaten jarraitzen du, eta igoerak ez du ekonomiaren osasuna baldintzatuko. «Produktibitatearen hazkuntzarekin batera, jarduera ekonomikoa bultzatuko du», azaldu zuen. «Dena den, prezioak egonkor mantentzeko helburuari eusteko, ekonomiaren aurreikuspenetan aldaketarik badago, eta behartuta egonez gero, Erreserba Federalak erantzun bat emango du», ohartarazi zuen. Adituek aurreikusten dute abenduan igoko duela berriro diruaren prezioa.
New Yorken erreakziorik ez
Albisteak ez zuen inor ezustean harrapatu, ezta Wall Street ere. Indizeen bilakaeran ia ez zen islatu Erreserba Federalaren iragarpena. Neurria jakin eta berehala, 40 puntu inguru galdu zituen Dow Jones indizeak, baina berehala gorantz egin zuen. %0,1 igo zen amaieran.
ESTATU BATUETAKO DIRU POLITIKA. Interes tasak %2ra igo eta diru politika «erosotzat» jo du Fedek
Estatu Batuetako banku zentralaren iritziz, ekonomiaren gaineko arriskuak «kontrolpean» daude uneotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu