M-30eko greba orokorra

"Estatu kolpe ekonomikoa ematen ari dira, eta gure aukera bakarrak borrokan daude, mobilizazioan"

Atzo Iruñean egin bezala, sindikatu deitzaileek gaur eguerdian aurkeztu dute greba Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bideoa: Muñoz eta Etxaide, greba erregistratu ondoren. [YouTube]http://youtu.be/bK34IpuaroA[/YouTube]

2013ko maiatzaren 8a
16:42
Entzun

"Ez dugu amore emango, ez diogu uko egingo gure etorkizuna eraikitzeari. Horregatik aterako gara M-30ean greba orokorrera". Gaur eguerdian erregistratu dute sindikatu deitzaileek greba orokorra Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, atzo Iruñean egin zuten moduan. Han izan dira, besteak beste, Adolfo Muñoz ELAkoa eta Ainhoa Etxaide LABekoa. Sindikatu deitzaileen arabera, inoiz baino arrazoi gehiago dago grebarako, eta azalpen gutxi behar dituela adierazi dute.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan du "estatu kolpe ekonomikoaren aurrean" mobilizazioa dela "aukera bakarra". Patronalaren hiru gezurrak hauek dira, Muñozen ahotan: "Gezurra da ez dutela beste alternatibarik; gezurra da grebak ez duela ezertarako balio, haren beldur dira; eta gezurra da sindikatuok soilik lanpostu finkoa dutenak defendatzen ditugula, lotsagarria da".

Ainhoa Etxaide LABEko idazkari nagusia ere mintzatu da, eta azpimarratu du alternatibak badirela, baina erabaki politikoak hartu behar direla gaineratu du: "Eta erabakiak hartuko dituzte behartzen baditugu. Herria kalera ateratzen bada, politikariak behartuko ditu". Herriz herri eta lantokiz lantoki antolatzera deitu du, egoerari buelta emateko giltza mobilizazioetan dagoelako. Horregatik eskatu du amore ez emateko: "Ez diogu uko egingo gure etorkizuna eraikitzeari".

"Badakigu zer datorren: pentsio erreforma, langabezia sariaren aldaketa, administrazio publikoaren suntsipena… Oraintxe borroka da gauzak aldaraz ditzakeen aldagai bakarra", gaineratu du Muñozek. Haren hitzetan, grebak azalpen askorik ez du behar horregatik. "Begirale izateari utzi eta aldaketaren objektu aktiboa izatera” deitu ditu langileak Etxaidek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.