inaut matauko rada

Estatuaren 'pagatxoak' eta lanaren exijentzia

2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Pedro Sanchezen hirugarren legealdiko lehen erreforma ekonomiko handia martxan da: langabezia sarien erreforma. «Aste gutxi barru» onartuko da, astearte goizean Gonzalo Garcia Andres Ekonomiako estatu idazkariak adierazi moduan. Presaz egingo dute, Bruselarekin adostu bezala, 2022 amaierarako behar baitzuen onartua legeak, baina egitekoen zerrendan dute oraindik. Derrigorrezkoa izango da langabezia sarien sistema berritzea, Europako funtsen laugarren ordainketa aktibatzeko.

Bruselarekin erreformaren lerro nagusiak adostu zituen Espainiako Gobernuak, xehetasunetan sartu gabe. Egiteke dagoen erreformak «langabeen babesa zabaldu» behar du, baita sarien sistema sinplifikatu ere. Zehaztasun falta horrexek jarri ditu parez pare, hain zuzen ere, gobernuko bi alderdiak, PSOE eta Sumar. PSOEren esku dagoen Ekonomia Ministerioak asteartean eman zituen xehetasunen aurka egin du Yolanda Diaz Sumarreko Lan ministroak, eta oraindik argitu gabe dago zer aldatuko duten zehazki.

Subsidioen zabalpena

Langabezia saria amaitzean edo hori jasotzeko adina kotizatu ez denean ematen zaio subsidioa langileari, baldintza batzuk betez gero. Erreformarekin, baldintza horiek lausotu nahi dituzte, jende gehiagok jaso dezan. Gaur egun, Hego Euskal Herrian 24.478 langabek jasotzen dute sari hori.

Ordainketa eredua ere aldatu nahi dute, progresiboa izan dadin, eta hor dago bi ministerioen arteko lehen talka. Izan ere, Nadia Calviño buru duen Ekonomia Ministerioak subsidioa ordaintzen den epean zenbateko berdina ematea nahi du, hasieran gehiago emanaz, eta amaieran gutxiago. Diazek, aldiz, progresibotasun horren alde egin du, baina zenbatekoak handituz. 480 euro ematen dira hilean orain, eta Lan Ministerioak nahi du lehen sei hilabeteetan 660 euro ordaintzea, 540 hurrengo urte erdian eta 480 euro gainontzeko hemezortzi hilabeteetan.

Horrez gain, subsidioa epe batez soldata batekin bateragarria izatea nahi dute, lan merkatura sartzea «sustatzeko».

Lanaren beharrezkotasuna

Beste neurri nagusia, eta tirabira gehien sorrarazten ari dena, langabeei ezarriko dizkieten exijentzia berriak dira. Lan eskaintza bat baztertzen dutenei langabezia subsidioa kendu nahi die Calviñok, «enplegu betearen helburua» betetzeko.

Azken finean, azken urteetan gero eta gehiago diren lanpostu hutsak betetzea du helburu Espainiako Gobernuak, langabezian daudenak lan eskaintzak onartzera bultzatuz. Gaur egun, subsidioak eta prestazioak jaso ahal izateko, SEPErekin kontratu bat sinatu behar da, non langabeak konpromisoa hartzen duen formatzen jarraitzeko eta lana aktiboki bilatzeko. Hala ere, horren jarraipenik apenas egiten da: 2021ean 351 sari kendu zituen soilik SEPEk lan eskaintzak ez onartzeagatik.

Jendeak motibo askorengatik baztertu behar izaten ditu lan eskaintzak, eta orduan sartzen dira eszenan eskuindar eta enpresari asko, subsidioak pagatxoak direla esanaz. Hilean 480 eurorekin bizitza duin bat izatea posible dela usteko dute?

Gainera, subsidioa jasotzen duten erdiak baino gehiago 52 urtetik gorakoak dira, eta pagatxo horiez kexatzen diren enpresariak berak dira gero lan bizitzaren azken urteetan dauden horiek kontratatzen ez dituztenak.

Eskuindarrentzat eta enpresarientzat, pagatxo horiek dira arazo nagusia, eta ez miseriazko soldatatxoen existentzia. Soldata txikien arazoari errotik heldu beharrean, langilerik zaurgarrienak estigmatizatzeko eta egin nahi ez duen lan bat egitera behartzeko neurria hartzea erabaki du Calviñok.

PSOEren neurrien aurka azaldu da Diaz, Calviñoren Ministerioak proposatutakoarekin «guztiz desados» dagoela adierazi baitzuen asteazkenean, eta erreforma hori Lan Ministerioaren eskumena dela gogorarazi zuen. Kargua hartu zuenean, Diazek harro iragarri zuen «langabeen babesa» indartzeko neurriak hartzea izango zela egingo zuen lehen gauza, eta asteon adierazi du ez dagoela batere ados Calviñok proposatzen duen «langabeen estigmatizazioarekin». Diazen promesek, baina, indar korrelazioarekin egin dute topo, eta ikusteko dago nola gainditzen duen koalizio gobernuak legealdi berriko lehen hesia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.