Kontsumo prezioen indizetik gorako igoera oro gehiegikeria hutsa iruditzen zaio Koldo Nabaskues Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako lehendakariari. Baina, are okerragoa iruditzen zaio herritarrei igoerak justifikatzeko informaziorik ez ematea edo ematen zaiena zuzena ez izatea.
Argindarra, gas naturala, butano bonbona... Denak garestituko dira KPIaren gainetik.
KPItik gorako igoera oro iruditzen zaigu abusua, baina bidegabeena argindarrarena dela uste dugu. Erabiltzaileoi ez digute defendatzen uzten, ez digute ematen igoera horri arrazoitzeko beharrezko informaziorik.
Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak esan du herritar bakoitzari hilean kafe bat baino zertxobait gehiago kostatu zaiola argindarraren prezio igoera.
Gezur hutsa da hori, eta herritarrekiko errespetu falta iruditzen zait ministro batek adierazpen horiek egitea. Hori esateko orduan hutsik dauden etxebizitzak eta guzti hartu ditu kontuan, eta ez da bidezkoa herritarrak horrela engainatzen saiatzea. Ez daukate horrela ibiltzeko beharrik. Egin behar dutena da gauzak ondo azaldu: zer den tarifen defizita deitzen diotena, zergatik sortu den eta nondik ateratzen dituzten ematen dizkiguten datuak. Kontatzen digutenak logika baduela ikusiko bagenu, errazago ulertuko genituzke horrelako prezio igoerak. Baina, nahi dutena nahi duten moduan azaltzen badigute, protesta egitea da gelditzen zaigun bakarra.
Zer jakin behar lukete bada herritarrek?
Esate baterako, argindarraren faktura ordaintzen dugunean energia berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak eta sariak ordaintzen ari garela. Fakturan pagatzen dugunetik 8.000 milioi euro inguru doaz horretara. Diru hori ez da estatuko aurrekontuetatik ateratzen; guk ordaintzen dugu. Baina, energia berriztagarriena dioten bezain sektore estrategikoa bada, zergatik ez da diru hori estatuko aurrekontuetatik ateratzen? Guk hala izan behar lukeela uste dugu, autoak erosteko Prever planarekin gertatzen zen modu berean. Berriztagarrien sariez gain, energia nuklearraren atzerapena, errentagarria ez den ikatzak eragiten dituen galerak... Dena guk ordaintzen dugu. Beraz, ez diezagutela esan ordaintzen duguna ez dela iristen energia sortzeak eragiten dituen gastuak estaltzeko.
Hala ere, gizarte bonua eska dezaketen familia askok ez dute eskatzen.
Hori ez da horrela. Diote hiru kilowatt baino gutxiago kontratatuta dituen edonork eska dezakeela bonu hori. Instalazioak babesteko erabiltzen diren magnetotermikek, ordea, ez dituzte onartzen 2,3 kilowatt baino gehiago. Hori oso indar gutxi da; beraz, 2,3 kilowattekin moldatzen ez denak ez dauka gizarte bonua eskatzerik. Arazoak irtenbide erraza du, magnetotermikoak aldatu eta kito, baina hori ere ez dute egiten, eta gero familiak arduragabeak balira bezala hitz egiten dute. Lotsagarria da.
Zer aholku emango zenizkieke herritarrei urte berrirako?
Betikoak: kontsumoa murriztea ahal den neurrian, argindarra egoki kontsumitzea, garbigailuak beteta erabiltzea, ahal bada ur hotzarekin garbitzea, berogailua 21 gradu azpitik jartzea, etxebizitzak ondo isolatzea, leiho onak jartzea, birziklatzea....
Koldo Nabaskues. EKAko lehendakaria
«Estatuko aurrekontuetatik eman behar litzaizkieke laguntzak berriztagarriei»
Prezio igoerak direla eta, kontsumitzaileei defendatzeko eskubidea ukatu egiten zaiela uste du Nabaskuesek. Informazio argia ematea eta beharrezko azalpen guztiak ematea beharrezkotzat jotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu