Miarritzeko (Lapurdi) estolderietan mantenu lanetan ari ziren hiru langilek istripua izan zuten atzo, goizeko hamaikak aldera, ur erauntsi batek harrapatu eta eraman zituenean. Ondorioz, langileetako bat, 31 urteko gizonezkoa, momentuan hil zen. Bigarrena desagertuta egon zen, baina arratsaldean, arrantzaleen portuan hilik aurkitu zuten, zurubi bati loturik. Ur zikinen sarean harrapatuta gelditu zen hirugarren langileak zauriak izan zituen eta Baionako erietxera eraman zuten.
Tolosako (Frantzia) DPSM enpresarentzat ari ziren lanean, Miarritzeko erdialdeko estolderietan. Enpresako arduradunak istripua gertatu zen tokira bertaratu ziren baina ez zuten adierazpenik egin.
Laugarren behargin bat zegoen istripua izan zutenekin batera. Berak deitu zituen suhiltzaileak urak gainezka egin zuenean euri jasa eta kazkabar zaparradaren ondorioz. Hilik agertu zen bigarren langilearen bila Lyonnaise des Eaux ur konpainiako langileak aritu ziren, arratsaldean topatu zuten arte.
Heriotzak salatuko dituzte
Miarritzen hildako bi langileen heriotza ez ezik, herenegun Bilboko Supersur saihesbideko lanetan hildako beharginarena ere salatuko dute sindikatuek. CCOO Euskadik elkarretaratzea egingo du gaur Bilboko Kale Nagusian, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, 11:45ean. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen kontseilu orokorrak han bilera egin behar duelako eramango dituzte protestak hara.
Leku berean egingo du gaur protesta LABek, baina goizeko hamaiketan. Miarritzen, aldiz, etzi aterako dira kalera sindikatuko ordezkariak. Herriko Etxearen aurrean bilduko dira, 18:00etatik aurrera, lan istripuen eta lan eritasunen «biktima guztiak omentzeko».
Guztira, astea hasi denetik hiru langile hil dira Euskal Herrian, 48 orduko epean. 2008. urtearen hasieratik, berriz, 101 dira beharrean ari zirela hildakoak, LABek egindako kontaketaren arabera. 2007an 125 langile hil ziren Euskal Herrian lan ezbeharretan.
Estolderia garbitzen ari ziren bi langile hil dira Miarritzen, ur erauntsiak eramanda
Euskal Herrian, urtea hasi denetik, 101 langile hil direla salatuko du LABek gaur Bilbon eta etzi Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu