Estres testekin estresatuta dabiltza finantza erakundeak. Europako Bankuen Agintaritzak (EBA) ostiralean jakinaraziko ditu emaitzak. 91 erakunde aztertu ditu, eta Moody's kalifikazio agentziaren arabera, horietatik 26k ez dituzte gainditu probak. Aurtengoa estres testak egin diren bigarren aldia izan da, iaz zazpi izan ziren gainditu ez zutenak.Europako Bankuen Federazioak eskatu du aurtengoa izan dadila halako probak egiten diren azken aldia, «zalantza egoera» sortzen dutelako eta ez dutelako balio merkatuak lasaitzeko.
«Testak gainditzen ez dituzten erakundeak arriskuan dauden itxura ematen da, nahiz eta ez izan hala. Ondorioz, zailtasun handiagoak izaten dituzte merkatuetan finantzaketa lortzeko, eta estatuen laguntzen premian geratzen dira», esan du Guido Ravoet patronaleko presidenteak. Haren arabera, justu horixe da saihestu behar dena.
Reuters-ek jakitera eman duenez, behar adinako maila ematen ez duten erakundeek sei hilabeteko epea izango dute kapitala lortzeko. Iraila amaitu baino lehen plan bat aurkeztu beharko dute, finantzak nola zuzenduko dituzten azalduz. Ondoren, beste hiru hilabete izango dituzte plan hori betetzeko. Bien bitartean, Bruselak gertu-gertutik zainduko ditu kapital eta kaudimen maila ez dela gehiago okertzen ziurtatzeko.Finantza erakundeak ez badira gai aipatutako epeetan plan sinesgarri bat aurkezteko, gobernuek esku hartuko dute.
Testak gaindituko ez dituztenen artean batez ere Alemania, Grezia eta Espainiako bankuak egongo direla espero da. «Badirudi Espainiako hainbat bankuk ez gainditzea nahi dela, testak zorrotzagoak izan direla erakusteko», esan dio Finantial Times-i Espainiako banku bateko zuzendariak, iaz gertatutakoari erreferentzia eginez. Hain zuzen, Irlandako erakundeek gainditu egin zituzten joan den urteko testak. Denbora gutxira, ordea, arazo handiak zituztela jakin zen. Aurten, EBA zorrotzegi ari dela jokatzen salatu dute bankuek, eta baldintzak aldatudizkietela emaitzak eman baino hilabete lehenago.
Italiakoak ere susmopean daude. Azken egunotan indartu egin dira kapitala falta duten zurrumurruak, eta herrialdearen arrisku saria inoizko mailarik handienera iritsi da: 240 puntura. Hamar urterako bonuen interes tasa ere %5,3tik gorakoa da. Ministroen Kontseiluak orain dela gutxi onartu du 48.000 milioi euroko murrizketa plana. Halere, Moodys-ek kalifikazioa jaisteko mehatxua egin dio. Atzo Portugalgo lau erakunde handiren maila jaitsi zuen: energia sareak ustiatzen dituen REN enpresarena, aireportuak kudeatzen dituen ANArena, Portugal Telecomena eta EDP energia enpresarena.
Estres astearen aurrean
Ostiralean agertuko ditu estres testen emaitzak Europak; bankuen patronalak gehiago ez egiteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu