Hurrengo lerroetan idatzitakoa, zientzia ekonomikoa baino gehiago, zientzia fikzioa da. Inork ez daki, ziurtasunez, zer gertatuko den Grezian eta Europan hil amaiera baino lehen akordiorik lortzen ez badute. Ia ezinezkoa da jakitea azkenean dibortzioa egongo den ala ez, eta, egotekotan, banaketa garbia izango den edo liskartsua, sufrimenduz betea eta luzea. Ez dago eurotik irten den herrialde bakar baten aurrekaririk, eta, beraz, aukera horren ondorioak ezezagunak dira bai greziarrentzat eta bai gainontzeko europarrentzat. Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroak kargua hartu berritan, joan den otsailean, esan zuen eurogunea Eagles taldearen Hotel California kantuak zioena bezalakoa zela: «You can check out anytime you like, but you can never leave». Hau da, noiznahi laga dezakezula logela, baina joan, ezin zarela inoiz joan. Orain, ordea, ez dago argi ezinezkoa den hoteletik kanpo geratzea.
Gaurko Eurotaldearen bilera jo dute askok Grexit-a saihesteko azken aukeratzat. Diru bakarreko hemeretzi finantza ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, eta nagusiki Greziaren gaia izan dute mahai gainean, eztanda egiteko minutu gutxi batzuk falta zaizkion lehergailu bat balitz bezala. Troika eta Grezia elkarrengandik urrunegi daude eskua emateko, gaur behintzat. Financial Times kazeta ekonomikoak iragarri du gaurko bileran ezer lortzen ez badute posible dela domekarako ohiz kanpoko bilera batera deitzea Eurotaldeak: azken aukera izango litzateke Greziarentzat. Edo azken-aurrekoa, datorren eguen-barikuan bilera duelako Europako Kontseiluak Bruselan, eta hori bihurtu daitekeelako greziar auzia epearen barruan ixteko azken foroa.
ZELAN ATERA DAITEKE HERRIALDE BAT EUROGUNETIK?
Teknikoki, ezin da atera. Hau da, araudian ez dago aurreikusita inor eurotik ateratzea. Diru batasuna sortu zenean, taldean sartzea atzerabiderik gabeko pausotzat hartzen zen. Inork ez zuen imajinatu eurogunea apurtzeko arrazoirik egon zitekeenik. 2007an sinatutako Lisboako Itunak, aldiz, bai, hark biltzen du estatu kide bat Europako Batasunetik joateko aukera (50. artikuluan), betiere estatu horrek hala nahi baldin badu. Baina ez dago inon idatzita inork eurogunetik irteteko aukerarik duenik. Beraz, Grezia de facto eurogunetik aterako balitz, zalantza legal bat sortuko litzateke: EBko kide izaten jarrai lezake ala EBtik ere atera behar luke? Aukera bata zein bestea defendatzen duten legelariak daude.
ZERK SOR DEZAKE EUROGUNETIK ATERATZEA?
Akordio faltak, hilaren 30ean NDFri 1.600 milioi ez pagatzeak, udan EBZri 6.700 milioi euro ez itzultzeak, edo EBZk Greziako bankuentzako larrialdizko likidezia laguntzaren iturria ixteak. Baina ez derrigorrean. Zipren 2013ko martxoan ezarri zuten bi urtez iraun duen corralito-a, eta uharteak eurogunean jarraitzen du. Hala ere, Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak ez du baztertu Grexident bat gertatzeko arriskua. Grexit eta accident elkartuz asmatu du berba berria. Funtsean, Schaeublek esan nahi duena da Greziako Gobernuak nahi ez badu ere balitekeela egoerak berak eramatea herrialdea eurogunetik kanpora. Suarekin jolasean dabilena erre egin daitekeela, alegia.
ZEIN DA ITZULBIDERIK EZ DUEN PUNTUA?
Bruselako Bruegel think tank-aren arabera, EBZk Greziako bankuentzako larrialdi kreditua etetea izango litzateke mugarria. Gaur egun, EBZk larrialdiko likidezia lerroaren bidez (ELA, ingelesez) bermatzen du Greziako bankuen likidezia. Zerk eragin dezake Mario Draghik neurri hori hartzea? Izan daiteke udan Atenasek EBZri 6.700 milioi ez ordaintzea, baina badago lehenago gerta daitekeen beste arrazoi bat: kapital ihesa Greziako bankuetan. Ituna lortzeko aurreikuspen faltagatik indartu egin da kapital ihesa bankuetan, eta Atenasko burtsan ere hondoratzen ari da Greziako bankuen balioa. Hiru egunetan Piraeus Bankek %30 galdu du, Alpha Bankek %23, National Bank of Greecek %21,9, Eurobankek %16,4, Zipreko Bankuak %8,7.
Greziako bankuetan kapital ihes kaltegarriegia sumatuz gero, BEZk ELAren iturria etengo luke, bere dirua arriskuan ez jartzeko. Itunik ez egoteak eta NDFren ordainketa ez egiteak, jakina, kapital ihesa hauspotuko luke.
ZER EKARRIKO LUKE EBZ-REN ITURRIA IXTEAK?
Pertsiana jaitsi beharko lukete bankuek aldi baterako "corralito bat, azken finean", eta gobernuak kapital kontrolak ezarri beharko lituzke bankuak berriz zabaldu ahal izateko, Zipren gertatu zen bezala. Nikosiak eguneko eta pertsonako 300 euroko maximoa ezarri zuen bankuetatik dirua ateratzeko. Herrialdeak kapital ihesa saihestea da corralito-aren helburua. Islandian ere erabili zuten neurri hori.
ZER DIRU ERABILIKO LUKE GREZIAK?
Corralito egoeran edo default egoeran "ordainketei aurre egiteko gaitasunik barik, kiebran" geratuz gero, Greziako Gobernuak zor agiriak inprimatu eta horiek erabili beharko lituzke epe motzean eguneroko gastuei aurre egiteko. Baina default egoerak jarraituz gero, eta troikaren edo Bruselaren diru laguntzarik jaso ezean, diru propio bat sortzea izango litzateke Atenasen aukera nagusia, edo drakmara itzultzea. Ekonomista batzuen ustez, posible litzateke Greziak ofizialki eurogunean jarraitzea baina aldi berean euroa eta beste diru bat paraleloan martxan egotea herrialdean.
Egun batetik bestera diru propio bat sortzea eta sistema martxan jartzea oso zaila dela ohartarazi du Bruegel think tank-ak, diru «bolumena» garrantzitsua delako. Irakek AEBen 2003ko inbasioaren ostean dinar berria ezartzeko izandako zailtasunak ekarri ditu gogora Bruegelek: diru ugari inprimatu eta herrialde osoan hedatu behar da denbora gutxian. Logistikoki sekulako erronka litzatekeela nabarmendu du Bruselako taldeak. Gainera, Greziako diru berriak debaluazio handia izango luke euroaren aldean, eta horrek herritarren eguneroko bizi baldintzetan zuzenean eragingo luke.
ZER GERTATUKO LITZATEKE ZORRAREKIN?
Diru propioa debaluatu arren, zorra ez litzateke desagertuko. Eta Greziaren zor publikoa erraldoia da: 323.000 milioi euro, barne produktu gordinaren %185. Beste kontu bat da ea posible izango litzatekeen zor dituen euroak drakmen truke aldatzea. Grexit-a gertatuko balitz, zorra zer dirutan pagatu eta zorraren zer zati pagatu negoziatu beharko lukete Atenasek eta troikak, eta hartzekodunak galera handiak onartzera behartuta egongo lirateke.
'GREXIT'-AK ZER ONDORIO ERAGINGO LITUZKE EB-N?
Hori ere ezin jakin, lehendik halakorik izan ez delako. Baina atzera begiratuz gero, ikus daiteke zer gertatu zen Europan Greziari lehen eta bigarren erreskatea ematerakoan. Atenasen egoera larria ikusita, merkatuak periferiako beste ekonomia ahulei jazartzen hasi zitzaizkien, eta eurogunean agerian geratu zen Greziako auziak izan zezakeen kutsatze efektua. Herrialde bat eurogunetik aterako balitz, oso litekeena da merkatuak berriz galdera arriskutsu hori egitea: «Zein izango da eurogunetik jausten hurrengoa?». Greziak eurogunea uzteak euroaren zatiezintasunaren dogma hautsiko luke.
ETA 'GREXIT'-A ONA BALITZ GREZIARRENTZAT?
2008az geroztik Greziako ekonomia %26 txikitu da, langabezia %25eraino igo da... eta hori guztia, euroaren barruan. Drakmara itzulita, barne debaluazio handi batekin, epe ertainera egoera ekonomikoa hobetzeko aukera ikusten dute ekonomista batzuek. Herritarren egoera orain artekoa baino txarragoa ez dela izango drakmarekin, beldurrik ez izateko; halere, lau greziarretik hiruk nahiago dute euroan jarraitu. Greziarrentzako onuragarria litzatekeen Grexit bat arriskutsua bilakatuko litzateke Bruselarentzat, hegoaldeko herrialde batzuek ihes egiteko tentazioa izango luketelako akaso.