...eta bideak atzeratu ditu Gipuzkoak

Diputazioak gastua berriro antolatu behar izan du, aurrekontuetan baino 101 milioi euro gutxiago espero baititu

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak aurrekontua eguneratu eta egokitu behar izan du, 101 milioi euroko zuloa aurkitu baitu. Dirua gastatzeko lehentasunak ezarri behar izan ditu urtea amaitu arte: alde batetik, gizarte gastuari eta garraio publikoari eustea; bestetik, abian jarri gabe dauden inbertsioak atzeratzea, errepideak eta bidegorriak batez ere. Irungo eta Zarauzko saihesbideak eta Hernaniko saihesbidearen zenbait zati, esaterako. Eta Helena Franco Ogasun diputatuak onartu zuen hori guztia ez dela nahikoa izango zuloa estaltzeko. Hala ere, ez dute zorpetzeko asmorik.

Zuloa, Francoren esanetan, ez da kalkuluen akatsa edo ziurgabetasunaren ondorio; aurreko gobernuaren «ardura falta» baizik. Zenbait kasutan erakundeko teknikariek egindako kalkulu zuhurragoei «jaramonik egin ez» eta aurreikuspen baikorragoak egin zituztelako.

Aurrekontuen eta errealitatearen arteko aldea 101 milioi eurokoa dela esan zuen Francok, aurrekontuaren %11: 35 milioi euro gehiago gastatu behar dituzte eta 66 milioi euro gutxiago espero dituzte gastatzeko.

Gastuetan, Francok aurreko agintariei leporatu die gizarte politikako hainbat gastu ez zituztela aintzat hartu —31 milioi euro—, gastuak onartuta zeuden arren.

Diru sarrerei dagokienez, zerga bilketaren emaitzak irauli egin dira: uztailera arte iaz baino %4,4 gehiago bildu dute; abuztura arte, aldiz, %3,5 gutxiago. Balio erantsiaren zergaren bidez (BEZ) espero baino askoz ere diru gutxiago bildu dute, %9ko igoera aurreikusi zuten arren. Aurrekontuen arabera, aurten zergetan iaz baino %7 gehiago biltzea espero zuten zergen bidez. Francok nabarmendu zuen Ogasun Departamentuko teknikariek %4ko igoera proposatu zietela aurreko agintariei.

Dena den, zerga bilketan badago jaitsiera nabarmena eragin duen kanpoko faktore berri bat: Espainiak uztailean euskal erakundeei ez die ordaindu dagokien BEZaren eta zerga berezien zatia. Zergatik? «Kupoa bere irizpideen arabera gaurkotu duelako eta Rover auziari dagokion zorra kobratzen hasi delako», zehaztu zuen Francok.Eusko Jaurlaritza eta diputazioak aintzat hartu gabe.

Zerga bilketaren jaitsierak Gipuzkoako udalei ere eragingo die,44 milioi euro inguru gutxiago jasoko baitituzte Diputaziotik.

Olano eta Gonzalez, haserre

Francoren datuek eta adierazpenek diputazioko arduradun ohien haserrea eta erantzuna eragin dute. Markel Olano diputatu nagusi ohiak eta Pello Gonzalez Ogasun diputatu ohiak oharra kaleratu zuten. Bientzat «kezkagarria» da Francoren «informazio falta eta harrokeria». Zehaztu dute 73 milioi euroko soberakina dagoela, Batzar Nagusien onespenaren zain, defizitari aurre egiteko; Diputazioak eta Batzar Nagusiek bazutela Gizarte Politikako diru kontuen berri; eta diru sarreren aurreikuspena Finantzen Euskal Kontseiluan egiten dela, beste erakunde batzuekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.