Txerria hildako astea eta ezkondutako urtea. Horiek omen, esaerak dionez, bizitzako garairik oparoenak. Bada gure burtsan aurten ezkondu garela dirudi. Aurreko hiru urteetan galerak izan ondoren, %28 inguruko igoerarekin itxiko dute Bilbo eta Espainiako burtsek 2003 hau, 1998an %35 irabazi zueneko uzta gogoraraziz.
Ekonomiaren geldialdiaren, tekno-txerritxoen porrotaren eta 2001eko Irailak 11ko atentatuen gaitzak, hiru urte txar eman ditu errenta aldakorrean. Ondoren, banku zentralek interes tasak inoizko mailarik baxuenean jarri dituzte, inflazio arriskua desagertu egin da eta enpresek euren balantzeetan garbiketa egin dute. Aurtengo martxotik aurrera, 5.500 puntuz azpitik zen Ibex-35 8.000ra bidean jartzeraino. Dolarraren ahultzea eta Europako burtsen indartzea Asiako inbertsiogile handienen mugimenduarekin lotzen du zenbaitek. Kontua da ezkon urte honetan salerosketa bolumenaren marka berria izan dela eta likidotasun maila egokia erakutsi duela gure burtsak, urtean 490.000 milioi euroren akzioak mugitzeraino. Saltzeko Eskaintza Publikorik (SEP) apenas izan den arren, burtsak dirutza mugitu du eta aurrezki aukera moduan behar duen tornuia, dizdira, izan du.Dizdira duen oro ez da urre, ordea. Egiturazko arazoak baditu burtsan ezkontzeak; Parmalat da horren azken lekukoa. Bestalde, inbertsiogile txikiak handiak baino informazio gutxiago, berantiarragoa eta eskasagoa izan ohi du. Beraz, tentuz eta buruz aukeratu behar dugu burtsarako senar emaztea.Gomendagarria da, ondoko eraztunak bederen, kontuan izatea: 1) Interes tasak baxuak direnez, dirua izateak gutxi ordaintzen du, mailegua eskatzea gutxi kostatzen da. Pittin bat igo edo antzera gera daitezke. Hori bai, arrisku gutxi, emaitza txikia. 2) Zenbait enpresen dibidendu mardulak. Argindar enpresenek, esaterako, erraz gainditzen dute zor publikoaren errentagarritasuna. 3) Enron argindar enpresa zen, baina Parmalat ez. 4) Euroaren indartze galanta. Bidaiatzeko bezala, AEBetan akzioak erosteko ere hagitz lagungarria. 5) AEB gerrazaleek kontu korronte defizit handiez gain, 2004an hauteskundeak dituzte. 6) Alemania eta Frantzia hobe daude, baina ez ongi. 7) Etxebizitzak ez dira etengabe igotzen eta jaitsi egin daitezke, bereziki igoera produktibitate gutxiko eta espekulazio handiko kontestuan eman bada. 8) Espainiako SIBE burtsen kasuan, Latinoamerikako akzio garrantzitsuenak erostea erostea merkea eta erraza da, inbertsioen dibertsifikazio geografikoa erraztuz. 9) Txerria hildako astea, gure kasuan hilabetea, pasa den (!) abendua izan da.
BURTSA
... ...eta ezkondutako urtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu