«Kapitalismo ankerra izan da krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta demokratiko hau eragin duena; eta orain pandemiaren aitzakia erabiltzen du aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzeko». Bizkaiko eskualdeak modu berezian pairatzen dituen murrizketak, pobrezia, desindustrializazioa eta etxegabetzeak eta gastu militarra salatu ditu gaur Ezkerraldeko Martxak; beste behin, 28. urtea baita da gaurkoa, manifestazio hau egiten dela.
Ezkerraldea Martxa, etorkizun duin baterako zioen pankartarekin, martxa Sestaotik abiatu da, Portugaleten barrena Santurtzira iristeko. Behin han, deitzaileek langileen eskubideen defentsa eta aberastasunaren bidezko banaketa aldarrikatu dituzte. Eta horiek lortzeko, egoera iraultzeko modua mobilizazioa dela zehaztu dute.
Hainbat talde ziren deitzaileak. Batetik ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT-LKN eta CNT sindikatuak. Bestetik erakunde sozialak, hala nola, Berri Otxoak plataforma, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua, Argitan zentroa, Santurtziko Eskubide Sozialen Bulegoa, Ernai, Harian, Neba-Neba, Ikama, eta Barakaldoko Zaintza Gunea. Eta talde ekologistak ere bai, Eguzki eta Barakaldo Naturala.
Hala ere, martxan garrantzia berezia hartu dute lan gatazkak dituzten eskualdeko lantokietako beharginek, deialdiarekin bat egin dutelako ITP Aero-PCB, Petronor, Mediapost eta San Juan de Dios ospitaleko langile batzordeek.