Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auto osagaien industriaren etorkizuna «korapilatsua» dela, «baina epe laburrean deslokalizazio arriskurik ez» dela azpimarratu zuen atzo Autogintzako Osagaien Industriako cluster-ak. Egungo egoera «ona» den arren eta epe laburrerako «hazkuntza» iragarri arren, bost urteren buruan industriak «oztopo larriak» izan ditzakeela aurreratu zuen cluster-ak.
Aurtengo ekitaldirako %3ko hazkuntza iragarri zuen 280 enpresa eta 41.000 langile biltzen dituen sektorerako. Dena dela, Julian Hernandez cluster-eko presidenteak berretsi zuen aurtengo emaitzek ez dutela etorkizuna bermatuko, «itzalak argiak baino handiagoak direlako». Bezeroak eta deslokalizazioa dira Hernandoren kezka nagusiak.
«Bezeroen kontzentrazioa gero eta nabarmenagoa» dela ohartarazi zuen. «Hori dela eta, euskal hornitzaileen negoziazio ahalmena are txikiagoa bihurtzen ari da». Gaineratu zuenez, «kostuen garrantziak eragin du ekoizpen lantegiak beste lurraldeetara aldatzea».Hernandok, ordea, ez zuen «bat-bateko» arriskurik iragarri. «Euskadin ez dago, deslokalizazioa medio, berehalako arriskurik». Azpimarratu zuenez, «euskal enpresek ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu izanak balio erantsidun produktuak eskaintzeko eta lehiakorragoak izateko aukera eman die».
Hiru ardatzeko plana
Egoerari aurre egiteko, 2010. urtera bitarterako plangintza osatu du taldeak. Hernandok hiru oinarri aipatu zituen. Enpresen arteko lankidetza, «gure merkatuko kokapena sendotzeko». Enpresen nazioartekotzearen alde ere egin zuen Hernandok. Baita ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde ere.
«Beste sektoreetan baino arrisku txikiagoa izan arren», Hernandok ohartarazi zuen «arriskurik» badela, «mundu mailan erosketen globalizazioa gertatzen ari den erritmo biziagatik». Azaldu zuenez, enpresen etorkizuna ez dago soilik konpainia bakoitzaren esku: Merkatuen globalizazioa nagusi den inguruak, hornitzaileen eta bezeroen kopuruak eta salmenta marjinen murrizketek ere zerikusi zuzena dutela iragarri zuen.Iaz 7.310 milioi euro fakturatu zituen autogintzako osagaien industriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %30, beraz.
AUTOGINTZA
«Etorkizun korapilatsua» iragarri die 'cluster'-ak osagai ekoizleei
Hala ere, epe laburrean «berehalako arriskurik» ez dela ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu