Kurtso berrirako LABen lan lerro nagusiak zeintzuk izango diren azaldu du Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak gaur goizean Donostian, Gipuzkoako delegatuen batzarraren ostean: "Borroka sindikala indartzea lantokietan, hirietan eta herrietan langileok burujabetza prozesu baten aldeko palanka izan gaitezen. Agenda neoliberalen kontra borrokatzen jarraitzea, gobernuan dagoena dagoela ere".
Hauteskundeen osteko egoera politikoaren irakurketa ere egin du Etxaidek. LABen ustez, "Confebaskek irabazi ditu, benetan,EAEko hauteskundeak". Sindikatuaren arabera, patronalaren interesak, posizioak eta politikak agendaren erdi-erdian egon dira hauteskunde kanpainan, eta agendaren erdian jarraituko dute datozen lau urteetan ere, EAJren eskutik.
"EAJk egonkortasuna jarri du guztiaren gainetik. Zer da egonkortasuna? Azken urteetako agenda neoliberala garatzen jarraitzeko lasaitasuna", kritikatu du Etxaidek. EAJri zuzendu zaio jarraian, esanez ezinezkoa dela "esku batekin agenda neoliberal bortitz bat inposatzea, eta bestearekin herri akordioak egitea".
Kongresura bidean
Hasitakoa kurtso garrantzitsua dela nabarmendu du Etxaidek, besteak beste, LABek Kongresu Orokorra egingo duelako datorren udaberrian. Eta ez da edozein kongresu izango, bi aukeraren artean hautu bat hartzekoa baizik: "Gure burua gaurko egoeran kokatu eta emankorrak izateko bidea aurkitu, edo atzean utzi dugun garaian geratu, etorkizunerako ibilbiderik gabe".
Galdera askori erantzunak ematea da udaberriko kongresuaren helburua, Etxaidek azaldu duenez. Izan galdera ugari eta zailak dituzte: "Botere ekonomikoak ez ditu akordioak behar bere politikak ezartzeko, gobernuak eta estatu egiturak ditu bere zerbitzura. Nola babestu eta defendatu langileen interesak baldintza hauetan? Nola egin sindikatuak langileen artean klase elkartasuna eta batasuna suspertzeko tresna izatea berriro?"
Burujabetza ardatz
Aldaketa soziala eta ekonomikoa gauzatzeko burujabetza prozesua abiatzea ezinbesteko baldintza dela defendatu du LABeko idazkari nagusiak, eta iragarri du burujabetzaren bide hori sindikatuaren borrokarako erreferentzia izango dela datozen urteetan. "Erabakiak herritarren esku egotea da egoera iraultzeko bide bakarra". Burujabetza lortzeko, gainera, inoren baimenaren zain egon barik aritzeko eskatu du: "Euskal Herria martxan jartzean dago giltza".
Datozen hilabete eta urteetan Madrilek erreformen eta murrizketen bidean sakonduko duela ohartarazi du Etxaidek, eta euskal gobernuei Madrili men ez egiteko eskatu die. "Troikak erreformetan eta murrizketetan sakontzeko agindu du, eta Rajoyk egingo duela agindu die". Eusko Jaurlaritzari dagoekionez, LABen ziur daude Iñigo Urkulluk ere bide berdina hartuko duela, eta zalantza daukate zer egingo ote duen Nafarroako Gobernuak. "Trantsiziorako jarrera eta agenda indartzen badu, hor egong da LAB, noski. Estatuaren aginduei men egiten dien bidea hartuz gero, ibilbide iluna ikusten diogu".
Bestetik, LABek uste du euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan urrats berriak eman behar direla, "bai herri bezala, bai sindikatuetatik eta baita langile bakoitzak ere".