Ekonomia

Etxaide: "Enplegua ez da izango krisitik ateratzearen ondorio, irtenbidea baizik"

Enplegua defendatzeko aldarriarekin kalera aterako da sindikatua martxoaren 9an, Bilbon eta Iruñean.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko otsailaren 22a
14:00
Entzun

Enplegua sortzea krisiaren irtenbidearen erdigunean jarri du LAB sindikatuak, eta horretarako lehen baldintza gisa lanpostuak suntsitzeari utzi behar zaiola esan du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak. Eta hori erabaki politiko bat dela gogorarazi du. Nafarroako Parlamentuan atzo lana sustatzeko mahaia sortu zen, eta legebiltzarrean martxoaren 8an langabeziari buruz eztabaidatuko da. "Beldurra daukate, langabezia gatazka bihur baitaiteke". Edozein modutan, positibotzat jo du parlamentuetan horri buruz hitz egitea, "baina gobernuek hartzen dituzten erabakiak aurkakoak dira". Eta horren adierazle jarri du atzo Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean proposatu zuen lanorduen luzatzea: "Horrek lan suntsiketa areagotu besterik ez du egiten".

Horrez gain, erretiro adina aurreratzea eta lan esparrua desarautzean urrats gehiago ez egitea eskatu du Etxaidek. "Lanpostuak deuseztatzeko tresna gisa erabiltzen baitituzte". Lan erreforma onartu zela urtebete beteko denean, "eztabaidak bizirik" jarraitzen duela dio. "Ez da ilegala erreforma ez aplikatzea, aukera bat baizik", esan du Etxaidek. Ildo horretan, negoziazio kolektiboa babesteko ere eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari, "uztailaren 7a bertan baitago, eta ordutik aurrera lanpostu asko deuseztatuko dira". Egun horretan lan hitzarmena lortu ez duten enpresen ultraaktibitate epea amaituko da, eta estatu mailako baldintzak ezarriko.

Egoera horren aurrean, lana defendatzeko mobilizazioak egingo ditu LAB sindikatuak. "Datozen aste eta hilabeteak erabakiorrak izango dira". Sakoneko aldaketak aldarrikatzeko Bilbon eta Iruñean manifestazio bi egingo dituzte martxoaren 9an, Enplegua borrokatu. Denok kalera! lelopean.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.