LABeko ordezkarien batzarra egin dute gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuan, sindikatuarentzat "erronka eta iniziatiba nagusiak" zeintzuk izango diren eztabaidatzeko. Biltzarraren amaieran mintzatu da sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, eta manifestazioa egin dute gero Espainiako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzaraino, Utzi bakean, Euskal Herriak du hitza eta erabakia lelopean.
Manifestazioaren atarian, aurtengo batzarrak "izaera berezia" izan duela adierazi du Etxaidek; haren esanetan, 2014an "mugarri berriak jartzeko, iniziatiba berriekin egoera ekonomiko eta sozialean aldaketak ekarriko dituzten urratsak eta erabakiak behartzeko" lan egitea dagokio LABi, eta lan horretan "tresna garrantzitsuena ordezkarien lana eta duten indarra da".
Batzarretik "konpromiso argi batekin" irten da sindikatua, Etxaideren arabera; konpromiso hori "aldaketa politikoak ekarri behar dituen bidean inplikazio gehiago bereganatzean" oinarritu du; "aldaketa politikoak bultzatzeko iniziatiba eta akordioak sustatuz eta aldaketa sozialak ekarriko dituzten eztabaida politiko horiek baldintzatzuz".