Etxaide: "Lanorduak luzatzeak ez du eredu berririk eraikitzen, gatazka areagotu besterik ez"

LABek bat egin du larunbat honetan enpleguaren alde egingo den manifestazioarekin, eta mobilizatzen jarraitzeko bideari heldu dio. Greba orokorrik egiteko aukera ez dute baztertzen.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko martxoaren 5a
14:38
Entzun

Atzo ELAk zerga politika aldatzeko eskatu zuen, eta gaur goizean LAB sindikatuak enplegua sustatzeko proposamena egin du. Eta horretarako mobilizatzeko beharra azpimarratu du beste behin, "greba orokorra baztertu gabe". Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak esan du krisiaren irtenbidean jarri behar dela enplegua sortzea, eta ez ondorio gisa. Eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak langile publikoen lan baldintzak berritzeko gaur indarrean jarriko duen dekretua —tartean lanorduak igotzea biltzen du gobernuaren proposamenak— salatu du sindikatuak.

"Enplegua sustatzeko hartu zezakeen erabakirik okerrena hartu du". Izan ere, sektore publikoan lanpostua luzatuz gero, ez da enplegu berririk sortuko, alderantziz baizik. "Eta enplegua sortzeko lehen baldintza suntsitzeari uztea da".

Erabaki horrekin, azken urteetan lortutako akordio zabal "bakarra" bertan behera uztea egotzi dio LABek Jaurlaritzari. "Dekretu bidez ez da eredu berririk eraikitzen, gatazka areagotu besterik ez", esan du Etxaidek. Orain langile publikoen baldintzak zehaztuta, "Jaurlaritzak ezingo dio patronalari esan lanorduak ez luzatzea, eurek ere berdina egin baitute". Ostiral honetan, gainera, enpleguari buruzko saio monografiko bat egingo da Legebiltzarrean, baina sindikatuak aurreratu du "ez dela gauza handirik lortuko".

Izan ere, "ezin da halako saiorik egin, lanorduak areagotzen dituzten bitartean". Gobernuak, beraz, euren posizioa zein den argi utzi duen heinean, "LABek ere berea zein den helaraziko du".

Sindikatuko ordezkarien ustez, krisiak trantsizio egoera bat ezarri beharra dauka, hiru oinarri izango lituzkeena. Batetik, enplegua egoera ekonomikoa aldatzeko oinarri bezala ezartzea; bestetik, bitartekoak martxan jarriz, eta horretarako behar diren eskuduntzak aldarrikatzea; eta azkenik, eredu berri bat lortzeko akordio zabalak lortzea. Hiru zutabe horien arabera, LABek eskualdez eskualdeko proposamen zehatzak egingo ditu. "Eredua Sakanan dago", esan du Etxaidek.

Larunbat honetan Iruñean eta Bilbon enpleguaren alde gatazkan dauden enpresetako langile batzordeek egingo duten manifestazioarekin bat egiteko deia egin du sindikatuak, eta "bide horri eusteko" konpromisoa adierazi du Etxaidek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.