Ekainaren 21ean eta 22an egingo du LAB sindikatuak VIII. Biltzar Nagusia, Barañainen, eta garai berriak direla-eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak uste du bere sindikatuak ere datozen urteetarako estrategia bati heldu beharra diola, subiranistek nagusigoa izate aldera. "Sindikalismo subiranistak datozen urteetan funtzio hegemonikoa bete behar du", esan du gaur Bilbon, kongresuaren aurkezpenean.
"Testuinguru historiko honetan sindikatu abertzaleek aliantza taktiko-estrategikoari buruzko eztabaida egin beharra dute. Aro politiko eta ekonomiko bat agortu da, eta errealitate berria eragitea komeni da. Trantsizio horretan eragile aktibo izateko estrategia behar dugu", adierazi du Etxaidek.
LABeko idazkari nagusiaren arabera, "alternatiba" burutu dezakeen bakarra proiektu independentista da, baina egitasmoa "gaurkotzeko" eta hari "dimentsio ekonomikoa" emateko eskatu du.
LABek azaldu du "testuinguru sozioekonomiko eta politikoak bereziki garrantzitsuan" egingo duela Biltzar Nagusia. Sindikatuak bertan definituko ditu datozen urteetan antolaketan nahiz eremu politiko-sindikaleko bere lehentasunak eta erronkak.
Gustura dago azkeneko urtean egindako lanaz, indarra handitzea eta %16,53ko babesa izatera heldu baita. Gorka Berasategi hedapeneko idazkariak esan du duela urtebete pasatxo abian jarritako "borroka kutxak" emaitza onak eman dituela, eta LABek "erabateko finatza autonomia" erdietsi nahi duela.