Etxalde txikien egoeraz kezkaturik

Nekazaritza Politika Bateratuaz mintzatu dira Bove, Lamassoure eta Le Folle Ainhize-Monjolosen

Jenofa Berhokoirigoin.
Ainize
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
2013an gauzatuko da NPB Nekazaritza Politika Bateratua, eta haren erreformak hamaika galdera eta kezka sortu ditu. Horiek islatu ziren atzo EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberan izan bileran. Erreforma horretaz eztabaidatzeko elkarteak gomitatu Jose Bove (Europe Ecologie), Alain Lamassoure (UMP) eta Stephane Le Foll (PS) eurodiputatuen entzutera 180 bat lagun bildu ziren.

Hiru hizlari, hiru ikuspuntu ezberdin: Bovek Confederation Paysanne sindikalistak eta altermundialistak laborantza herrikoia eta iraunkorra sustatuko lukeen NPB baten alde hitz egin zuen; Lamassourek diskurtso liberala atxiki zuen, eta Le Foll, berriz, bien artean kokatzen zen, baina iritzia Boverenaz askoz hurbilago zuen.

1992az geroztik, etengabean liberalizatuz joan da NPB, eta tendentzia hori aldatuko dela espero du EHLGk, «bai Euskal Herrian bai edonon munduan, laborari multzo handia izatea dutelako helburu», Francis Poineau elkarteko bulegoko kideak zehaztu zuenez sarhitzan. Funtsean, Europako Batasunean Nekazaritza eta Garapenerako komisario Dacian Ciolosek NPB bidezkoago eta justuago bat egiteko xedea adierazia du: iazko azaroaren 18an aurkeztu erreforman lehen aldikotz aipatzen ditu etxalde txikiak, eta justuki horri begiraizan ziren hainbat galdera eta zehaztasun.

Marie-Claire LeurgorriELB sindikatuko kideak ohartarazi zien etxalde txikiek ekoizpenaz gain, lurraldeari ekartzen dioten aberastasun sozial, kultural zein ekologikoa ez dela inolaz ere kontuan hartu eta, are gehiago, NPBk etxaldeen handitzea sustatzen duela. Bovek bat egin zuen oharrarekin. Le Follek ere uste du etxalde txikiak lagundu behar direla; hala ere, gai horren konplexutasuna ohartarazi zuen, zehaztuz Ipar Euskal Herriko zein Errumaniako ala Alemaniako etxaldeen tamaina erabat ezberdina dela eta etxalde txikien definitzea ez dela erraza.

Lamassourek, haatik, dio etxaldeen desagertzea sektoreak bizi duen bilakaera normala dela. Hori dela eta, ez du bat egiten etxalde txikiak sostengatuko lituzkeen NPBrekin. Haren irudiko, Europak lurralde bakoitzaren berezitasunei begiratu behar die, eta, horien arabera, tokian tokiko etxalde txikien laguntzeko politikaren sustapena gomendatzen du. Dena dela, argi utzi du dirurik ez dela eta, horri segi, Europak diru iturri propioak garatu behar dituela.

Behi esnearen krisia beti hor

Xabi Ilharramuno APLI elkarteko nekazariak ere bere kezka plazaratu zien, 2009ko esne grebak agerian utzi behi esnearen sektorearen krisiari ez delako aterabiderik atzeman. 2015ean kuotak desagertuko direla-eta kontratualizazio sistema gaitzetsi zuen, horietan ez delako prezioari eta ekoizpenari buruzko zehaztasunik emana. Hiru hautetsiek azpimarratu zuten laborariari banatu balioa emendatu beharra dela eta behi esnearen ekoizpena erregulatu behar dela. Kontraktualizazioaz ziren desadostasunak agertu, Lamassouren ustez «aitzinamendu handia» da, baina Boverentzat «ezin onartuzkoak» dira. Bovek zein Le Follek diote Europa mailan antolatu beharko direla hitzarmenak eta ekoizleen erakundeek «pisu inportanta» beharko dutela.

Janariaren berkokatzearen erronkaz ere aritu ziren. Horrez gain, elikadura burujabetasunaren inportantzia plazaratu zuen Joanes Goihenetxe CCFDko kideak, oroitaraziz munduan goseaz sufritzen duten gehienak laborariak direla. Gai horren inguruan zuen Lamassourek diskurtso liberala gehienbat agertarazi, erranez «politikan zein ekonomian ez dela subiranista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.