Hego Euskal Herrian 8.000 euro inguru aurreztuko dira 200.000 euro balio duen etxe berri bat erostean, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) %8tik %4ra jaitsita. Espainiako Gobernuak atzo hartu zuen erabakia, Ministroen Kontseiluan, saldu ezinik dauden etxeen salmenta bultzatzeko. Neurria behin-behinekoaizango da, urtea amaitu bitartekoa. Adierazgarria da Espainiako Gobernuak etxeen BEZa igo egin zuela duela urtebete, %7tik %8ra. Neurria etxe berriei dagokie, bigarren eskukoengatik ez baita BEZik ordaintzen.
Ministroen Kontseiluak defizita gehiago murrizteko neurri sorta onartu zuen atzo, tartean etxe berrien BEZarena. Horrez gain, baita enpresa handienei —hogei milioi eurotik gorako fakturazioa dutenak— sozietate zergaren ordainketa aurreratzea eta botiken gastua gutxitzea ere. Lehenarekin 2.500 milioi euro bildu nahi ditu eta bigarrenarekin 2.400 milioi euro aurreztu.
Etxe berrien salmentak eta eraikuntza suspertu nahi ditu Espainiako Gobernuak, Jose Blanco Sustapen ministroaren esanetan. Espainian nabarmen gutxitu da eraikuntzaren pisua barne produktu gordinean (BPG), %10etik %4ra.
Etxeen salmentak asko jaitsi dira. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian ekainera bitartean iaz baino %20 gutxiago saldu dira. Hilabete guztietan egin dute salmentek behera. Aurtengo ekainean iazkoan baino %40,7 etxe gutxiago saldu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Sustapen Ministerioaren datuek diote iazko urte amaieran ia 18.000 etxe berri zeudela Hego Euskal Herrian saldu gabe: 5.286 Nafarroan, 5.058 Gipuzkoan, 4.754 Bizkaian eta 2.704 Araban. Araban eta Nafarroan saldu gabeko etxe berrien kopurua gutxitu egin zen iaz, %36,6 eta %17,2 hurrenez hurren, 2009arekin alderatuta; Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, handitu, %13,7 eta %5,7 hurrenez hurren. Saldu gabeko etxe berrien portzentajea etxe guztien %2 baino txikiagoa da probintzia guztietan.
Finantza erakundeen esku
Saldu ezin dituzten etxe berrien artean daude finantza erakundeenak, sustatzaileek maileguak bueltatu ezin zituztenez bankuen eta aurrezki kutxen esku geratu zirenak. Espainiako Gobernuak uste du finantza erakundeek etxe horietako batzuk balantzeetatik kentzea lortzen badute, diru gehiago izango dutela herritarrei eta enpresei uzteko.
Neurria eraginkorra izango al da? Espainiako zenbait sustatzaileek eta eraikitzailek uste dute eragina txikia izango dela, eta ez dela nahikoa izango, ez etxeen eskaria suspertzeko, ez etxe berrien eraikuntza bultzatzeko. Neurri gehiago eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari, krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bati laguntzeko.
Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikoen Elkartearen (Gestha) kalkuluen arabera, BEZa gutxitzeak eragin izugarria izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, saldu gabeko etxe berrien kopurua %29 inguru gutxituko dela uste baitu.
Neurriak eragina izango du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta Nafarroako Gobernuaren diru bilketan, haiei baitagokie BEZa jasotzea. Diru gutxiago jasoko dute saltzen diren etxe berriengatik, baina gehiago neurriak etxe berrien salmenta bultzatzen badu.
Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak uste du eragitekotan, BEZaren diru sarrerak handituko dituela. Gesthak kalkulatu du Espainian urte amaiera bitartean etxe berrien salmentak bikoiztu egin behar direla BEZaren jaitsierak zerga bilketan eragindako zuloa berdindu ahal izateko.
Etxe berriak merkeago erosi ahalko dira, BEZa %8tik %4ra jaitsi baitute
Espainiako Gobernuaren erabakia behin-behinekoa da, eta urtea amaitu arte iraungo du, etxeen salmenta bultzatzeko200.000 euro balio duen etxe batean 8.000 euro inguru aurreztuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu