2006. eta 2011. urteen artean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzen herenetan indarrean zegoen hipoteka kreditu bat, eta hamarretik batek bere errentaren %40 horretara bideratzen zuen. Gaur goizean Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) emandako datuak dira horiek, eta horrek zorpetze maila “handia” eragin zuela zehaztu du Juan Maria Otaegi kontsulta erakundeko presidenteak. Europako Batasunean familien zorpetze maila %5,4 hazi zen 2003 eta 2011 artean, eta 27 herrialdeen artean Espainiak izan zuen hazkunde handiena: %12,1. EAEn ere igoera “azpimarragarria” izan zela onartu du KESek, baina “Espainiako batez bestekotik behera”. Gehiegizko zorpetze horien ondorio lazgarriena etxearen galera izan ohi da, eta prozesu horietarako hainbat ekinbide proposatu dituzte.
Horietatik nagusiena, etxe kaleratzeak saihesteko doako bitartekaritza. Espainiako legedian ez dago bitartekaritzarik, eta hipoteka exekuzio egoerara iristean harremana finantza erakunde eta zordunaren artekoa izaten da bakarrik. KESek Alemania eta Frantziara begiratu du, non norbanako zordunentzako lege zehatz bat dagoen. “Alemanian epaiketara joan aurretik bitartekaritza bat egotea derrigorrezkoa da, eta Frantzian gainzorpetzeen inguruko batzordeak daude, epaiketetara joan aurretik akordioak egiteko”, azaldu du Otaegik. Bi kasuetan hipoteka exekuzioak urtebetez atzeratu daitezke, eta akordiorik lortu ezean, kaltetua babesteko neurri gehiago daude: epaitegiek bitartekaritza lanean sakontzen du, eta zordunak ordaindu ahal izango lukeen zorraren zatia zehazten du.
“Horri bigarren aukera deitzen diogu, eta aholkularitza indartzeko kontzientzia soziala bultzatu beharra dago”, dio gaur goizean KESek aurkeztu duen txostenean. Erakundeei parte hartze handiagoa eskatu die, baina onartuz aldaketa “sakonena” Espainiako Gobernuak egin beharra duela.