Etxebizitzen garestitzea etengabea da, eta, gainera, erritmoa bizkortu da azken hiru urteetan. Etxebizitzen prezioek 2007an jo zuten goia, INEren arabera, eta 2014an hondoratu ziren, Nafarroan %47 merkatu ondoren, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %40. Harrezkero, garestitzen ari dira prezioak: Nafarroan, %0,6 igo ziren 2015ean, %1,7 2016an, eta %2,2 iaz; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %1, %2,6 eta %5,2.
INEk aurtengo lehenengo hiruhileko datuak publikatu berri ditu, eta erakutsi du goraka jarraitzen dutela prezioek. 2018ko martxoan, 2017an baino %6,1 garestiago saldu dira etxebizitzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,1 garestiago Nafarroan. Bestalde, hiruhileko batetik bestera etxeak %1,6 garestitu dira EAEn, eta 0,9 Nafarroan.
Nafarroan Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan baino motelago ari dira garestitzen etxebizitzak. Edonola ere, bi kasuetan, batez ere etxebizitza berrien garestitzeari zor zaio igoera. Nafarroan, urte arteko konparazioan, bigarren eskuko etxebizitzak %1,8 garestitu dira, eta %2,7 etxebizitza berriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %5,5 kariotu dira bigarren eskuko etxeak, eta %8,7 berriak.