Etxebizitzen garestitzea etengabea izan zen 2017an. Azken hiru urteetan garestitu besterik ez dira egin salneurriak, eta iaz, erritmoa azkartuta, ginera. Etxebizitzen prezioek 2007an jo zuten goia, INEren arabera, eta 2014an hondoratu ziren, Nafarroan %47, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %40 merkatu ondoren. Harrezkero, garestitzen ari dira prezioak: Nafarroan, %0,6 igo ziren 2015ean, %1,7 2016an, eta %2,2 2017an; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %1, %2,6 eta %5,2.
2018an ere garestitu egingo dira etxebizitzak, baina urteko lehen erdiak erakutsitako erritmoa zertxobait apaldu da hirugarren hiruhilekoan. Horiek horrela, INEk dio %4,8 garestiagoak direla etxeak orain urtebetebe baino, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, %4,3 gehiago balio dute. Etxebizitza berrien salneurria gehiago garestitu da azken urtean, %5,2 Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, eta %4,7 Nafarroan. Bigarren eskuko etxeak ere gehiago balio dute, ordea, azken hamabi hilabeteetan %4,8 (Araba, Bizkai eta Gipuzkoa) eta %4 (Nafarroa) garestitu direlako.