ETXEBIZITZA

Etxeen salmenta %19 jaitsi zen iaz Hegoaldean

Abenduan %28,6 txikitu ziren salerosketak. Urtarrilean BEZa igo izanak ez du suspertu etxebizitza merkatua.

Miren Garate.
2013ko otsailaren 11
14:48
Entzun

Urte berriaren batera etxebizitza berrien gaineko BEZa %4tik %10era igo da Hego Euskal Herrian. Igoera horren jakitun, pentsatzekoa zen urte amaiera oparoa izango zela salmententzako, etxea erostekotan zebiltzanek erabakia aurreratuko zutelako. Ez da hala izan ordea. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, 2011n baino %19,1 etxe gutxiago salerosi ziren iaz Hego Euskal Herrian. Abenduko datuek are baieztatzen dute BEZaren igoerak ez duela balio izan merkatua suspertzeko. Hain zuzen, urteko azken hilabetean 2011ko epe berean baino %28,6 etxe gutxiago saldu ziren.

Zerga tasaren aldaketaz gain, Nafarroan bazegoen beste pizgarri bat ere: etxebizitza kenkarien aldaketa. Aurtengo urtarrilaz geroztik, urtean 20.000 eurotik beherako oinarri zergagarria —40.000 euro bikoteen kasuan— dutenek bakarrik jasoko dute ditua bueltan. Etxea aurretik erosi zutenei mantendu egingo diete. Hala eta guztiz ere, Nafarroan EAEn baino handiagoa izan da salmenten jaitsiera abenduan:  %31hain zuzen ere. INEk emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 44 salerosketa egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, 56 salerosketakoa izan zen batez bestekoa. Etxebizitza kenkarian erreformak egiteko asmoa dute aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek.  

Nafarroara bezala, 2013ak BEZaren igoera eta kenkarien murrizketa ekarri ditu Espainiara ere. Han bai igarri da salerosketan aurreratzeko balio izan dutela bi neurri horiek: 2011n baino %2,3 etxe gehiago saldu ziren abenduan. Dena den, urtea osotasunean hartuta, merkatuak gainbehera jarraitu du, %11,3 gutxiago salduta.  INEk nabarmendu du aurreko urteetan handiagoa izan zela atzeraldia. 2008an %28,8ko jaitsiera izan zuten salmentek, 2009an, %24,9koa eta 2010ean %17,7koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.