«Egoerak okerrera egin du; bai, behintzat, egoiliarren artean». Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko (ELE) aholkulariak horrela laburbildu ditu elkarteak urtero egiten duen txosteneko 2019ko datuak. «Langileen %29,6 egoera administratibo irregularrean daude. 2017tik 2018ra hamar puntu igo zen datu hori, eta iaz, berriz, beste bost. Europatik kanpoko atzerritarrei bakarrik begiratzen badiegu, langileen %42k ez dute paperik».
ELEk etxeko 711 langileri eginiko inkestetan oinarritu du ikerketa. Egoiliarren baldintza txarren datuak, baina, egoera erregular edo irregularraz harago doaz. %47k astean 80 ordu baino gehiago egiten dute, hori da legezko muga, eta jardunaldi horretan daudenen %31 ez dira iristen legezko gutxieneko soldatara —1.050 euro—. Egoera irregularrean daudenen artean, datu hori %54ra igotzen da. Txostenean, ELEk arreta berezia jarri du atseden beharretan, eta, datuen arabera, %24k ez dute atseden tarte arauturik, eta %51 ez dira iristen hamar orduko atseden luzera. Otxoaren ustez, egoera hori «ez da duina», eta gizarteari dagokio aldatzea, bereziki Jaurlaritzari: «Eusko Jaurlaritzari hau ikertzeko eskatzen diogunean, beste alde batera begiratzen du».
Kanpokoen egoera, gazi-gozoa
ELEk egoiliarren eta kanpoan lan egiten dutenen egoera aztertu du txostenean, eta kanpokoen artean «albiste on batzuk» egon direla nabarmendu du Otxoak. «Gizarte Segurantzan izena emanda daukatenak pila bat igo dira». %75,43 dira orduren bat kotizatzen duten langileak, eta, 21 ordutik gora lan egiten dutenen artean, %94ra igotzen da batezbesteko hori. «Ikusi dugu Gizarte Segurantzan inskribatzeko eskatzen dietela langileek enplegatzaileei, euren baldintzen inguruan duten ardurarengatik».
Dena, baina, ez da polita kanpokoen artean, %12k egoera irregularrean egiten baitute lan, eta egoera hori %31ra igotzen da Europatik kanpo jaiotako langileen artean. Era berean, asko handitu da euren lan jardunaldiaren araberako gutxieneko legezko soldata jasotzen ez dutenen batezbestekoa: %21etik %45era. Horrek, baina, ez du esan nahi gutxiago kobratzen dutenik, baizik eta gutxieneko soldata igo egin dela eta soldatak ez dituztela eguneratu. ELEk zehaztapen bat eginez bukatu du txostenaren ondorioak: «Iaz gutxieneko soldata igo zenean, kontratazio gutxiago egongo zirela esaten zen, eta ez da horrela izan. Lan jardunaldien egokitzapen bat egon da, eta langile batzuei ordu batzuk kendu dizkiete, baina soldata mantendu bada, bizitzak hobera egin du».