Urtea hastearekin batera, etxeko langileentzako arautegi berri bat jarri zen martxan, eta Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kideek (ELE) aurrerapauso handiak izan direla onartu duten arren, «zer hobetu handia» dagoela oroitarazi dute. Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean barneratu ditu arautegi berriak, eta aurrerantzean kontratua idatziz egin beharko zaie langile horiei. Baldintza horiek betetzeko, ordea, borondatea eskatu dio ELEk lan ikuskaritzari. «Izan ere, betitik borondate falta handia izan dute sektorean egon zitezkeen irregulartasunak ikertzeko garaian», Liz Quintana ELEko bozeramailearen hitzetan.
Arautegi berriak orain arte «ukatzen» ziren eskubideak onartzen dizkien arren, beste hainbat esparrutan lehen bezala jarraitzen dutela gogorarazi du ELEk eta CGT, ELA, ESK, LAB, LSB eta Eilas sindikatuek. Gizarte Segurantzan erregimen orokorrean hartu dituzte, baina langabezian geratuz gero, ez daukate saririk jasotzeko eskubiderik.
Erreforma horrekin, orduka lan egin arren, gaixorik egonez gero gaixoaldia hartzeko aukera izango du aurrerantzean etxeko langileak. Eta langile etenduaren figura ere desagertu egingo da. Beraz, etxeko langileek ez dute eurek Gizarte Segurantzan izena eman beharko. Baina horrek langile etorkina «enplegatzailearen menpe uzten du, erabat, bere egoera erregularizatu nahi duenean»; hala salatu duQuintanak. Enplegatzaileek mehatxu egiten diela ohartarazi du ELEk, eta Gizarte Segurantzako kuota langileei ordainarazten diete.
Horretaz gain, 60 orduko astea bermatuta dago lege bidez, «egoera bidegabea da». Barneko langileei, bestalde, mantenuarengatik soldataren %30 kendu ahal izango zaio. Egoera «larria» da hori, askotan etxeko langileei lanpostuan lo egitea ez baitzaie «aukera gisa aurkezten, kontratuko baldintza gisa baizik». Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, 2011n 89.423 etxeko langile zeuden. Horietatik 71.896 Gizarte Segurantzatik kanpo, ELEren arabera.
Etxeko langileek lan ikuskaritzari eskubideak bermatzeko eskatu diote
Etxeko Langileen Elkarteko kideek aurrerapausoak ikusten dituzte lege berrian, zer hobetua dagoen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu