Etxeko langileak

Etxeko langileekin oraindik arauak urratzen direla salatu du Etxeko langileen elkarteak

2012 urtean bildu dituzten datuen arabera, langileen %77k astean 60 ordutik gora egiten dute lan, legeak muga hor jartzen badu ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko abenduaren 12a
14:28
Entzun

2012 urtea itxaropentsu hasi zuen Etxeko langileen elkarteak (ELE). “Kolektiboaren eskubideentzako aurrerapausuak dakartza”, zioten duela urtebete, eta gaur ere hori berretsi dute. Gizarte Segurantzan erregimen orokorrean txertatu dituzte etxeko langileak, eta horretarako ardura enplegatzaileak dauka. Baina gauza bat paperak dioena da, eta bestea errealitatea. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten bertako beharginen %37 ez da kotizatzen ari, era erregularrean dagoen atzerritarren %39 bezala. Eta etxe barruan lan egiten duten langileen %25 paperik gabeko atzerritarrak direla azpimarratu dute, eta ondorioz ez dute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Bestalde, bertakoak diren langileen gehiengoa izen emanda dago, eta baita erregularizatutako atzerritarren %98.

Etxeko langileen elkarteak egin duen salaketarik gordinena lan orduen ingurukoa izan da. Izan ere, etxe barruko langileentzat legeak gehienera 60 orduko lanaldiak onartzen ditu, baina langileen %77k ez du arau hori betetzen. Are gehiago, etxeko langileen %31k asteko 70 eta 79 ordu artean egiten du lan. Lan ordu gehiegikeria salatzeaz gain, etxe barruko langileek atsedenerako betarik ez daukatela salatu du Isabel Otxoa elkarteko kideak: “Langileen %38k ez dauka eguneroko atsedenaldirik, eta %74ek astero atseden hartze badute ere, horietatik %2k bakarrik hartzen ditu legeak onartzen dituen 36 orduak”.

Arau urraketa horiek arrazoituta, Raxoiren gobernuak lege berria “porrot” gisa definitu izana ere salatu du Otxoak: “Era horretan, legea berriz aldatu eta lehengo egoerara itzularazi nahi gaituzte”. Eta Etxeko langileen elkarteak, hori gertatu ez dadin, Espainiako gobernuari eskaera zuzena egin diote: 2011ko ekainean Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE) onartutako 189 hitzarmena sinatu eta bete dezatela. Eta zer biltzen du itun horrek? Etxeko lanek eta zainketak beste edozein lanek duten onarpen berbera merezi dutela, eta hainbat eskubide ere ezartzen ditu.

Hitzarmen hori gaitzat hartuz, mundu mailako aldarrikapenarekin bat egin dute Etxeko langileen elkarteko kideek ere: 12rako 12 kanpainan, hain zuzen ere. Horren arabera, 2012 urtea amaitzen denerako, 12 herrialdeetan LNEren hitzarmena onartzea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.