EKONOMIA

Euriborra %0,594ra igo da, baina hipotekak merkatu egingo dira

Indizeak bigarren igoera izan du jarraian, baina iazko otsailekoaren ia herena da.

jakes goikoetxea
2013ko otsailaren 28a
16:40
Entzun

Euriborra igo egin zen urtarrilean —2011ko urritik lehen aldiz—, eta igo egin da otsailean ere. Otsaileko Euribor indizea %0,594koa izan da (urtarrilean %0,575ekoa zen). Hala ere, horrek ez du esan nahi hipotekak garestitu egingo direnik. Aintzat hartu behar da duela urtebeteko indizea %1,678koa zela, hau da, ia aurtengoaren halako hirukoa. 1,08 puntu handiagoa. Europako Banku Zentralak %0,75ean eusten die interes tasei, bankuei dirua uzten dien interesei, eta ez dirudi gehiago jaitsiko duenik.

Hipoteka otsaileko Euriborraren arabera berrikusi behar dutenei merkatu egingo zaie hipoteka mailegua. Zenbat? 160.000 euroko hipoteka mailegua, 30 urtera eta %0,5eko diferentzialarekin daukatenei, ia %14. Hilean 80 euro. Urtean 960 euro. Hipoteka hori bera baina 50 urtera daukatenei hileko kuota %20 merkatuko zaie; hamar urtera daukatenei, berriz, %5. Ez zaie hileroko kuota merkatuko kontratuetan zoru klausula daukatenei, Euriborra zoruaren portzentajearen azpitik jaitsita ere, zorua aplikatzen dietelako. Espainiako Bankuaren 2010eko azterketa baten arabera, Espainian hiru hipoteka mailegutik batek klausula bereziak zituzten, Euriborraren jaitsieraren eragina mugatzeko. Euriborrak 2008ko uztailean jo zuen goia —ikus beheko taula—: %5,393ra iritsi zen. 

Euriborra erabiltzen da hipoteka mailegu gehienak kalkulatzeko, urtebeterako Euriborra batez ere, hau da, euroguneko bankuek elkarri urtebetera uzten dioten diruaren interesen batez bestekoa. Hala ere, badaude beste indize batzuk ere, IRPH Bankuak eta IRPH Kutxak, esaterako. Indize horiek Euriborraren gainetik daude. Dena den, apiriletik aurrera desagertu egingo dira IRPH indizeak. Hipoteka mailegua indize horietan oinarrituta dituztenei beste indize bat aplikatuko diete. Normalean hipoteken kontratuetan jartzen du zein izango den ordezko indizea. Bezeroek finantza erakundeekin negozia dezakete indize berria, eta negoziatu egin beharko dute indize berriari gehitu beharreko diferentziala.

Espainiako Bankuak, finantza erakundeek bultzatuta, indize berri bat jarri zuen indarrean iazko apiriletik aurrera: IRS Interest Rate Swap. Euriborra baino garestiagoa da. IRSk bost urterako diruaren prezioa islatzen du. Gehiago zehaztuta, finantza erakundeek arriskuak babesteko merkatuan lortzen duten diruaren interesen batez bestekoa da. Bai, swap bat da, deribatu mota bat, eta espekulatzeko ere erabiltzen da. Euriborrarena baino merkatu konplexuagoa eta aurreikusteko zailagoa da. Bloomberg finantza informazioari buruzko agentziak jakinarazten du eguneroko IRSaren kotizazioa.

Euriborraren bilakaera:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.