Irailean baino beherago, baina iazko urrian baino dezente gorago itxi du hilabetea Euriborrak. Interes tasen jaitsierak indizearen goranzko joerari buelta emateko balio izan du; ez, ordea, hipotekak merkatzeko. Iazko urrian %4,647an zegoen Euriborra, oraingoan %5,258an itxi du:%0,611 gorago, hain zuzen. Kontuan hartuta hipotekak urtean behin berritzea izaten dela ohikoena, 30 urteko eperako 160.000 euroko hipoteka daukatenek 62 euro gehiago pagatu beharko dute aurrerantzean.
Hil osoko egunen batez bestekoa eginda kalkulatzen da Euribor indizea. Oraingoan, bi zatierabat ezberdin izan ditu. Urriaren 9a izan zen aldaketa. Egun horretara arte aurreko hiletik zekarren goranzko joerarieutsi zion, eta historian lehen aldiz %5,526ko maila ere harrapatu zuen. Hilaren 8an, ordea, ezustean, Europako Banku Zentralak interes tasak puntu erdia jaitsi eta diruaren prezioa %3,75ean utzi zuen.
Egun bat behar izan zuten merkatuek erreakzionatzeko, eta hilaren 10ean urri amaiera arte iraun duen beherakada hasi zuen Euriborrak. Egun bakar batean ere ez du bezperan baino gorago itxi. Atzo, esaterako, %4,865 egin zuen; hileko mailarik baxuena, hain zuzen. Aipagarria da hamasei egunean %0,647 jaitsi izana Euriborra.
Badirudi, gainera, aurrerantzean ere joera horri eutsiko diola indizeak. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak berriro ere interes tasak jaitsi egingo dituela iradoki zuen astelehenean, ia baieztatu. Erreserba Federalak aste honetan bertan diruaren prezioa %0,5 jaitsi du, eta EBZk ere hala merkatuko duela aurreikusten da. Azaroaren 6an egingo dute bilera, eta jaistea erabakiz gero, interesak %3,25ean geratuko lirateke.
Euriborrak interes tasen beherakada dela-eta hil honetako erreakzio berbera izaten badu, edo erdia jaisten bada ere, posible da hipoteka datorren hilean berritzea tokatzen zaienek aurrerantzean gutxiago ordaindu behar izatea. Joan den azaroan, %4,607an zegoen Euriborra. Dena den, finantza sistemako ezegonkortasuna kontuan hartuta, edozer gerta daiteke.
Inflazioa ere, behera
Hain zuzen, inflazioa jaitsi izanak egin du posible interes tasen jaitsiera. Hilabeteak pasatu zituen Trichetek esaten dirua ezin zela merkatu eurogunean inflaziorako arrisku handia zegoelako. Baina abuztuan eta irailean bi hamarren jaitsi ostean, Eurostatek atzo jakinarazi zuen urrian berriro ere lau hamarren merkatu direla prezioak. Hala, urte arteko inflazioa %3,2an geratu da; urtarrileko mailan, hain zuen. Dena den, urrun dago oraindik EBZk helburutzat daukan %2ko tasa.
Petrolioaren merkatzeak eragin du batez ere inflazioaren beherakada. Uztaileko datuekin alderatuta, orduan 147 dolarrera heldu zen, prezio erdian baino gutxiagoan saldu zen atzo Europan erreferentziatzat erabiltzen den Brent upela: 63,71 dolarrean. AEBetako Texas upela ere antzeko mailan dabil; atzo 65,96 dolarrean saldu zen.
Joan den astean Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Elkarteak egindako bilerak ere ez du balio izan urre beltzaren prezioaren jaitsiera geratzeko. Petrolio gutxiago ekoiztea erabaki zuten herrialde horiek: egunean 1,5 milioi upel gutxiago. Bazirudien horrek prezioak garestitzea ekarriko zuela.Baina kontsumoa jaitsiko den beldurra da nagusi merkatuetan, eta horrek galarazten du petrolioaren jaitsiera geratzea.
Euriborra jaitsi arren, hipotekak gehiago pagatu beharko dira
Hamasei egunean jarraian behera egin ostean, urria %5,258an amaitu du indizeak, eta badirudi jaisten jarraituko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu