Itxura guztien arabera, Europako Banku Zentralak ez ditu interes tasak igoko hurrengo hilabeteetan, eta horrek eragin du Euriborra egonkortu izana. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak berak baieztatu du aste honetan ez dela diruaren prezioa igotzeko garaia. Bat datoz aditu gehienak.Atlas Capital eta Intermoney etxeetako ekonomialarien esanetan, aukera gehiago daude interesak jaisteko, igotzeko baino. Hala, beheranzko bilakaera hasi dela diote, eta ez dute baztertzen urtea %4,75 edo %5 inguruan ixtea.
Dena den, ez da ahaztu behar Euriborra inoizko markarik altuenetik gertu dabilela. 1999an indarrean jarri zenetik, egungo maila bi aldiz soilik gainditu du indizeak: aurtengo ekainean eta uztailean, hain zuzen. Hilabete horietan, %5,361 eta %5,393 egin zuen, hurrenez hurren.
Inflazioa ere behera
Eurostat estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuenez, Euriborrak ez ezik, inflazioak ere behera egin du eurogunean abuztuan, %4tik %3,8ra. Europako Batasuneko motorrak diren hainbat herrialdetan, Alemanian eta Erresuma Batuan kasu, kontsumoa murriztu egin da, eta hori jo dute adituek prezioak merkatzekoarrazoitzat. INek jakinarazi duenez, Espainian ere lau hamarren jaitsi dira oinarrizko produktuen prezioak.
Era berean, Brent upelaren prezioa %20 inguru murriztu da azken hilabeteetan, eta hori gasolinan ere igartzen hasi da. Horrek ere eragin du inflazioaren jaitsiera.
Langabeziak %7,3an jarraitzen du eurogunean
Maiatzean eta ekainean bezalaxe, euroguneko langabezia tasa %7,3 izan da uztailean. Eurostat estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuenez, 11,37 milioi lagun zeuden lanik gabe. Emakumeen artean handiagoa da langabezia tasa. Dena den, haien artean jaitsi egin da, %8,4tik %8,1ra; gizonetan, aldiz, %6,6tik %6,7ra igo da.Herrialdeka, Espainian izan da langabeziaren hazkunderik handiena. Ekainetik %0,3 igo da, eta egun %11 da. Haren atzetik, Eslovakiak du langabe kopururik handiena: biztanle aktiboen %10,3 dabiltza lan bila. Danimarkan eta Herbehereetan dute langabezia tasarik txikiena: %2,3 eta %2,6, hurrenez hurren.