Euriborrak %1,243an amaitu du urria, inoizko mailarik baxuenean

30 urteko epean 160.000 euroko hipotekak dituztenek 363 euro gutxiago ordaindu beharko dituzte aurrerantzean

Miren Garate.
Donostia
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hilabetez hilabete markak hausten ari zen Euriborra iaz. Egunez egun bezperako maila gainditzen. %5,512ra ere iritsi zen urriaren 9an. Baikorrenak ere nekez imajinatuko zuen egun hartatik aurrera gertatuko zena. Markak hausten jarraitzen du oraindik ere hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak. Baina kontrako bidean. %1,243an itxi du urria, inoizko mailarik baxuenean.

Erabakigarria izan zen iazko urriaren 10ean Europako Banku Zentralak hartutako erabakia. Interes tasak jaitsi zituen,aurreko bolada luzean egin ez bezala. Hertsiki lotuta daude diruaren prezioa eta Euriborra. Eta baten jaitsierak bestearena ekarri zuen. Hurrengo hilabeteetan ere hainbat bider jaitsi ditu interesak Jean Claude Trichetek, %1era arte. Eta proportzio berean egin du behera indizeak ere.

Hipoteka asko eta asko urtean behin berritzen dira. Urriko datua erreferentziatzat hartuta egin behar dutenei nabarmen jaitsiko zaie hilero ordaindu beharreko kuota. Batez besteko hipoteka itzuli behar duenak -160.000 euro, 30 urteko epean eta %0,5eko diferentzialarekin- aurrerantzean 571 euro ordaindu beharko ditu hilero. Hau da, iaz baino %39 gutxiago. Zenbat eta epe luzeagorako eduki orduan eta handiagoa da kuoten jaitsiera. Esaterako, 50 urtean ordaintzekoa dutenek 814 euro itzuli dizkiote bankuari azken hamabi hilabeteetan. Datorren urrira bitartean, erdia baina gutxiago pagatu beharko dute, 400 euro hain zuzen.

Hala eta guztiz ere, hipotekak dituzten guztiei ez zaizkie hainbeste jaitsiko kuotak. Izan ere, Euriborraren arabera berrikusi arren, klausula gisa gutxieneko mugak jarri dituzte banku eta aurrezki kutxa batzuek. Era horretan, irabazi marjinei gehixeago eutsi ahal izan diete finantza erakundeek.

Euriborra jaistean gain, etxeen prezioek ere behera egin dute. Urtebetean, batez beste, %6,7 merkatu da etxe berrien metro koadroa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %8. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, %0,5 eta %1,7koa izan da jaitsiera.

Etxe berrien eta erabilitakoen artean batez bestekoa aterata, 3.923 euro balio ditu metro koadroak Donostian; 3.149 euro Bilbon; Gasteizen, 2.424,9 euro, eta Iruñean, 2.148 euro. Iaztik Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan merkatudira salneurriak. Gutxien Donostian, 97 euro; gehien Bilbon, 546 euro.

Eraikuntza lanak ere behera

Bai hipotekak eta bai etxeak merkeago egon arren, makal dabil eraikuntza sektorea oraindik. Hasitako etxe kopuruak erakusten du hori. Aurten, lehen sei hilabeteetan, 4.500 etxe berriren lanei ekin zaie. Urte erdiko datua da bakarrik, baina kontuan hartu behar da azken urteetan 15.000 etxe eraikitzen hasten zirela urtero. Zenbait urtetan 20.000ren bueltan ere ibili da kopuru hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.