FINANTZAK

Euriborrak negatiboan itxiko du hilabetea, estreinakoz

Hipotekak kalkulatzeko indizeak minimo historikoetan amaituko du otsaila, diruaren prezio ofizialaren azpitik: -%0,008an. Bankutik hipoteketako dirua jasotzeko aukera urrun da oraindik: bezeroek, hori bai, interesak pagatzeari utz diezaiokete.

BBKren iragarkia, gazteentzako hipoteka mailegua eskaintzen. LUIS TEJIDO, EFE
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 29a
15:29
Entzun

Hego Euskal Herrian mailegu hipotekario gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizea gainbehera doa aspaldian, eta historian lehen aldiz otsaileko batez bestekoa tasa negatiboan itxiko du hamabi hilabeteko Euriborrak. Urtarrila inoizko maila apalenean amaitu ondoren (%0,042an), jaitsi eta jaitsi jarraitu du, eta hilabete hasieran negatiboan kotizatu zuen estreinakoz (-%0,001). Baina ez zen anekdota huts batean geratu.

Orduz geroztik, beherako bidea areagotu baino ez da egin, eta susmo baikorrenak bete dira: -%0,008an itxiko du otsaila, diruaren prezio ofizialaren azpitik. Litekeena da, gainera, aurrerantzean ere orain arteko beheranzko joera horri eustea. Gaurko Euriborra (-%0.024) da horren isla; egunero kalkulatzen da.

- Zer da Euriborra?

Euroguneko bankuek elkarri ematen dizkieten maileguen batez besteko indizea da Euriborra, hipotekak kalkulatzeko baliatzen dena. Ipar Euskal Herrian, berriz, interes finkoko maileguak dira ohikoagoak.

- Zergatik amildu da hainbeste?

Adituen arabera, bi arrazoi daude bereziki: martxoko bileran EBZ Europako Banku Zentralak ekonomia suspertzeko iragarriko dituen neurri berriek eta urte hasierako ezegonkortasunak eragin dute azken asteotako jaitsiera. Hipoteka maileguak murriztu egin direla eta, entitateek diru sarrerak gutxituko dituztela ohartarazi dute adituek, eta, hortaz, ziurgabetasuna handituko dela.

- Zertan igarriko dute bezeroek?

Bankuek mailegudun bezeroei ordaintzeko aukera bat zabal daiteke. Horrek, ordea, ez du esan nahi dirua itzuli behar dietenik hipotekak dituztenei, diferentzialak hori baino handiagoak baitira. Euriborraren batez bestekoak nahiz eta tasa negatiboan itxi, bankuek diferentzial bat ezartzen dute ia beti, %0,5etik gora normalean; beraz, tasa negatiboak maila horretakoa beharko luke, interesei dagozkien maileguaren zatiarengatik dirua jasotzeko.

- Bada aukerarik dirua jasotzeko?

Teorian bai, baina Euriborra eta diferentzialaren batuketa gaindituko lukeen tasa negatiboa ez du inork espero oraindik. Eta, hala balitz ere, ez dago segurtasun juridikoa hori baieztatzeko. Bankuek dagoeneko kontraesantzat jo dute, eta adierazi dute interesa ez kobratzearekin aski litzatekeela, hipoteka dirua uzteko egiten delako, ez depositu gisa. Zero klausula deiturikoen bidez, mugak jartzen hasi dira tasa negatiboetatik babesteko.

- Zer dela-eta?

Gaur-gaurkoz nekeza da Euribor +%0,5tik beherako eskaintzak lortzea, baina mende hasieran etxe salmentak goia jo zuen urteetan, oso ohikoak bilakatu ziren Euribor +%0,25 edo are txikiagoak. Hau da, Euriborrak gutxienez maila horretaraino jaitsi beharko lukeela bankuak dirua itzultzen hasteko.

- Zenbat aurreztuko lukete?

Interesei dagokien atalari soilik eragingo lioke tasa negatiboak, eta bezeroek berdin ordaindu beharko lukete zorraren zatia. Horrek, batez beste, hilabetean 14 euro eta urtean 168 euro inguru merkatuko lituzke orain berritu beharreko 25 urterako 120.000 euroko maileguak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.