Euriborraren kalkulua trukatu ote den ikertzeari ekin dio Bruselak

Finantza erakundeek euro, yen eta dolarrari lotutako deribatuen prezioa hitzartu duten argitu nahi du

Erredakzioa
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euriborraren kalkulua egiteko finantza erakundeen artean legez kanpoko akordioak egon ote diren ikertzen hasi da Europako Batzordea. Asteartean, Euriborrari lotutako finantza produktu deribatuak eskaintzen dituzten erakundeak ikuskatzeari ekin zioten Bruselak bidalitako ordezkariek.

Batzordeak ez du oraingoz argitu zeintzuk diren ikertutako erakundeak, ezta ustezko manipulazioa noiz gertatu zen ere. Hedabide batzuek ziurtatu dute horien artean Alemaniako eta Frantziako banku nagusiak daudela. Hasieran, lehiarekin zerikusia duten legeak hautsi direla susmatzen du Bruselak. Hain zuzen, prezioak hitzartzeko asmoz kartelak osatzeko debekua. Euriborra Europako bankuen arteko kredituen interes tasa ezartzen duen indizea da, eta 1999an sortu zen. Hego Euskal Herrian hipoteka gehienak hari lotuta daude, baina, hortik kanpo, era guztietako maileguen eta finantza produktuen erreferentzia ere bada.

EBren urratsa ahalegin zabalago baten parte da. Bankuen arteko kredituen interesa ezartzen duten indize nagusiak ikuskatzeari ekin diote nazioartean. Oraingoz, Erresuma Batuko indizea, Libor, eta Japoniakoa, Tibor, susmopean daude. Libor indizearen ikerketari orain dela urtebete abiatu zen, eta, Europako Batzordea, AEBak eta Erresuma Batua ari dira parte hartzen. Liborraren kalkuluan parte hartzen duten hamasei bankuen praktikak aztertu dituzte. Horien artean, HSBC, Barclays, eta Royal Bank of Scotland. Liborrari atxikita daude 300.000 milioi euroren balioa duten milaka finantza produktu mundu osoan, eta tasa igo edo jaisteko edozein esku hartzek ondorio handiak ditu ordaindu edo jaso beharreko diruan.

Euriborraren tasa ateratzeko, Europako 44 bankuk bidalitako informazioa biltzen da egunero. Banku horiek kredituak emateko erabiltzen duten batez besteko tasa jakinarazten dute. Jarraian, %15 garestienak eta %15 merkeenak ezabatzen dira, eta batez besteko kopurua ateratzen da.

Europako Bankuen Federazioak du Euriborra kalkulatzeko ardura, eta erreferentzia manipulatzea ezinezkotzat jo zuen atzo Guido Ravoet buruzagi exekutiboak. «Gardentasun osoz egiten dugu lan, eta kalkuluan parte hartzen ari den banku kopuru handiak balizko akordioen aurkako berme izan beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.